Udala kezkatuta suhiltzaileen toki aldaketarekin

Udala kezkatuta suhiltzaileen toki aldaketarekin
2018/10/10 eta kitto!
Eibarko suhiltzaileen parkea Elgoibarrera aldatzeko beharra jasotzen du larrialdiak hobetu eta berritzeko Gipuzkoako Aldundiak prestatu duen plan berriak, eta Miguel de los Toyos alkateak Udalaren kezka agertu du aukera horren aurrean. “Tokialdaketa oso kaltegarria izango litzateke Eibarrentzat, hemen larrialdiren bat egonez gero suhiltzaileek %50 gehiago iraungo dutelako heltzen”, adierazi du gaur goizean egin duen prentsaurrekoan. “Gainera, ez dituzte Ermua eta Mallabia kontuan izan, eta ingurune honetan biztanleria eta industria gehien biltzen da”.

Aldundiko Gobernu Batzordeak dokumentua onartu du dagoeneko eta Udalak erabaki ofiziala jaso ez badu ere, lanean ari da beste alternatiba batzuen bila. “Alderdiarekin (PSErekin) berba egin dut eta gogoeta egin dezaten eskatu diet”, EAJ-rekin Aldundian gobernatzen dutela gogoratuz. “Leialtasuna zor diot nire alderdiari, baina baita nire herriari ere eta eibartarren alde egin behar dut lan”.

Bergaran suhiltzaileen parke zentrala egitea aurreikusten du plan berriak eta Azitaingo parkea Elgoibarrera igaroz zerbitzu hobea eman nahi zaie kostako herriei, Deba eta Mutrikuri. “Mutrikuk Markinako parkearen zerbitzua jasotzen du gaur egun eta, bestela ere, erdibideko aukera bat pentsatu daiteke eurentzat, baina beste alternatiba bat egon behar da Eibar kaltetua izan barik”, esan du alkateak.