Untzaga, letren plaza

Untzaga, letren plaza
2019/10/18 eta kitto!
Eibarko liburu eta disko azokak joan den barixakuan ireki zituen ateak Untzagan. Aurten udaletxearen plazan jarri dituzte postuak, liburu eta diskoak jendearen eskurago jartzearren. Urriaren 20ra arte liburuak kalera irtengo dira eta jendeak eurekin egingo du topo, baita irakurtzeko ohitura asko ez dutenek ere. Hala ere, datuek diotenaren arabera, azken horiek gero eta gutxiago dira.

 

Asier Muniategi Euskaldiko Liburu Azoken koordinatzaileak dioen bezala, “liburu eta disko azoka bat beti da ospakizuna”. Beraz, joan den barixakutik hilaren 20ra bitartean festa handia biziko da herrian, Eibarko liburu eta disko azokak ateak ireki dituelako. “Eibar herri irakurlea da eta beti zaindu du azoka”, Muniategiren berbetan. Ez du zehazki gogoratzen azoka noiztik egiten den hemen, “35 urte inguru izango dira”, baina aholku bat ematen digu eibartarroi: “etxetik irtetean ez ahaztu diru-zorroa, giltzak eta liburua”.

Euskal literaturaren azken nobedadeak %10eko deskontuarekin erosteko aukera egongo da azokan. Euskal Herritik eta Huescatik etorri diren 17 argitaletxe, banatzaile eta liburu-dendaren postuak jarri dituzte Untzagan eta mota askotako liburuak aurkitu daitezke. “Huescako ‘Cosquillas’ eta Bizkaiko ‘A fin de cuentos’ argitaletxeak dira aurtengo berritasunak eta haurrentzako literatura lantzen dute biek”. Asteburu honetan, gainera, Javier Sagastiberri, Jose Javier Abasolo eta Aritza Bergara idazleak egongo dira liburuak sinatzen, eta euskal emakume poeten erakusketa egongo da.

 

Euskal literatura datuetan

Euskal irakurleen kopurua gora doa azken urteotan. “Gaur egun euskaldunen %77k irakurtzen du, eta aisialdirako dauden aukerak asko direla kontuan hartzen badugu, botila erdi beteta ikusteko moduan gaude”, Muniategiren ustez. “Irakurtzen duen herria, herri aurreratua da”.

Urtean 3.200 liburu publikatzen dira EAEn, erdia euskaraz. “Oso maila ona dago, baina erantzutea tokatzen zaigu irakurleoi”. Muniategik aipatzen duen moduan jende berria sartu da literaturaren sorkuntzaren munduan (Eider Rodriguez, Uxue Alberdi, Miren Amuriza...). Beraz, badago zer eskaini. “Gainera, Durangoko Azokaren atarian handiagotu egiten da produkzioa”.

Literatura kontsumitzeko orduan estatuko irakurleen %95ek nahiago dute paperean irakurri, baina datu honek tranpa duela uste du Muniategik. “Irakurleen %5ek digitalean irakurtzen dutela diote datuek, baina pirateria kontuan hartu behar da eta ziurrenik zifra hori ez da benetakoa”. Berak legezko irakurketaren alde egiten du. “Jendeari liburuak garestiak direla iruditzen bazaio, liburutegietan mailegua eskatzeko aukera du”.

 

Liburutegiko jarduna

Juan San Martin Liburutegian 58.754 titulu daude Eva Alberdi liburutegiko arduradunaren berbetan. Horrez gain, haur eta helduen artean irakurzaletasuna bultzatzeko hainbat talde daude. “Helduentzat bi irakurketa-klub ditugu, euskeraz eta gazteleraz; eta 2tik 12 urtera bitarteko haurren zortzi irakurketa-talde daude”. Gainera, hainbat elkarte eta kolektibori liburuak mailegatzen dizkiete euren irakurketa-taldeetan irakurtzeko, eta umeei kalitatezko bibliografia prestatzen diete.

Alberdiren azaldu duenez, hauek izan dira Eibarko liburutegian gehien mailegatu diren euskarazko liburuak: ‘Fakirraren ahotsa’, Harkaitz Cano; ‘Film zaharren kluba’, Alberto Ladron Arana; ‘Munduko tokirik ederrena’, Iñigo Aranbarri; ‘Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak’, Iban Zaldua; eta ‘Titare bete zorion’, Miren Agur Meabe.