Zapatuan Astelena frontoian egingo den Gazterobotika Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa aurkeztu dute

Zapatuan Astelena frontoian egingo den Gazterobotika Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa aurkeztu dute
2017/09/18 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute asteburu honetan, zapatuan Eibarren egingo den Euskadiko lehen Hezkuntza Robotika Txapelketa udaletxean. Gazterobotika izenburuko ekitaldia Astelena frontoian izango da, goizeko 10:00etatik aurrera. Egitasmoa Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikorako Sailak sustatu du eta hainbat erakunde eta entitateren laguntza jaso du, besteak beste Spri, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Obra Social “La Caixa”, Kutxa Fundazioa, SD Eibar Fundazioa eta EPC enpresarena. Horietako hainbat ordezkarik hartu du parte gaurko aurkezpen ekitaldian.

Ekimena robotika arloan espezialista den Doplay enpresak antolatu du eta Debegesa eskualdeko garapen agentziaren esku egon da koordinazioa. Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du Gazterobotika Txapelketak. Azaldu dutenez, “8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteak motibatzea du helburu, robotikan eta programazioan lehen urratsak eman ditzaten, eta aldi berean talde-lana eta arazoei aurre egiteko gaitasuna landuz”. Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea helburu duen hezkuntza proiektua da (STEAM kontzeptua). Aurreratu dutenez, Txapelketan 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat lagunek parte hartuko dute, 37 taldetan banatuta. Gaztetxoek euren buru-argitasuna eta abilezia neurtuko dituzte hainbat probatan, eurek diseinatu, programatu eta eraiki dituzten roboten bitartez. Hain zuzen ere, gehienek udan zehar Debabarrenean egin diren tailer teknologikoetan parte hartu dute. Guztira, 131 neska-mutilek hartu dute parte Debabarreneko Udalek sustatu dituzten robotika eta bideojoko tailerretan.

Zapatuko ekitaldian taldeak 4 kategoriatan lehiatuko dira eta taldean lan egiteko gaitasuna erakutsi beharko dute, hainbat probatan parte hartuz. Horrekin batera, Gazterobotika topaketak ordenagailuen gune bat ere izango du. Bertan, nahi duten haur eta gazte guztiek bideojokoen mundura murgiltzeko aukera izango dute. Scratch, Kodu, Minecraft eta Unity programak erabiltzen eta bideojokoak sortzen irakatsiko zaie (adinaren arabera), Doplay enpresak eskainiko dituen tailerren bitartez.

Gainera erakustaldiak egiteko gune bat prestatuko da eta bertara hurbiltzen diren gaztetxo guztiek izango dute aukera teknologia aurreratuenak ikusi, probatu eta esperimentatzeko. Besteak beste, Eibarko Maker taldeak objetuak eskaneatuko ditu Kinect batekin ondoren 3Dn inprimatzeko; SPC Makeblock-eko kideek tailerrak egingo dituzte eta makeblock robot desberdinak eta airblock droneak erakutsiko dituzte; Doplay enpresak roboten arteko futbol partida antolatuko du, baita beste zenbait erronka ere taldeetan lehiatzeko; eta, Iruña Tecnologías enpresak oztopoak saihestuz lurretik merkantzia mugitzeko gaitasuna duen robot berezi bat ekarriko du Eibarrera. Ekimenean Armeria Eskolak, IK4-Teknikerrek eta Debabarreneko beste enpresa batzuk ere hartuko dute parte.

Gazterobotikak goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 14:00etan amaituko da diploma eta errekonozimendu banaketarekin. Hitzordu teknologiko honi buruzko informazioa www.gazterobotika.eus webgunean eskuratu daiteke. Sarrera irekia eta doakoa izango da.