Zapatuan Ermuan jokatuko den Gazte Robotika Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa aurkeztu dute

Zapatuan Ermuan jokatuko den Gazte Robotika Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa aurkeztu dute
2018/09/17 16:02
eta kitto!
Gaur aurkeztu dute zapatuan Ermuko Izarra Centren 10:00etatik aurrera jokatuko den Gazte Robotika Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa. Aurkezpen ekitaldia Izarra Centren egin da gaur goizean eta, Juan Carlos Abascal Ermuko alkatearekin batera Alex Arriola Spriko Zuzendari Nagusia, Antton Tomasena Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Teknologia eta Nazioarteratzeko Zuzendari Nagusia eta Juan Angel Balbas Debegesa Garapen Agentziako Zuzendari Nagusia izan dira.

Asteburuan jokatuko den txapelketa eskualde mailako Gazte Robotika izeneko egitasmoaren baitan antolatu da eta Ermuko Udalak sustatu du, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin. Horrez gain hainbat erakunde eta entitateren laguntza jaso du ekimenak, hala nola, Spri, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, SD Eibar Fundazioa, Laboral Kutxa, Obra Social “La Caixa” eta EPC eta Precimontajes enpresena.

Debabarreneko 8 eta 16 urte bitarteko ia 100 haur eta gaztek hartuko dute parte txapelketan, 41 taldetan banatuta, eta azaldu dutenez, “bigarren edizio honetarako erronka berriak ezarri dira gazteen artean sormena eta soluzio teknologiko berritzaileak garatzeko gaitasuna sustatzeko”. Honela, txapelketak bi kategoria edo erronka izango ditu aukeran: “Kolore kolore” izenekoan ahalik eta kolore gehien sortzea lortu beharko dute, eta “1vs1 Game” izenekoa, berriz, abilezia eta estrategia jolasa izango da. Batean zein bestean parte-hartzaileek euren buru-argitasuna eta talde-lanean aritzeko gaitasuna erakutsi beharko dute. Txapelketa robotika arloan espezialista den Doplay enpresak antolatu du.

Bestalde, Gazte Robotika topaketaren baitan tailer irekiak eskainiko dira goiz osoan zehar. Bertara hurbiltzen direnek aukera izango dute teknologia aurreratuenak ezagutu eta probatzeko. Tailerrak Omnis enpresak eskainiko ditu. Eramango dituzten proposamenen artean, “Makeymakey” kontrolekin esperimentatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ordenagailua edo beste aplikazio bat saguaren ordez eguneroko objetuak erabiliz nola kontrola daitekeen ikasi ahal izango da. “Minecraft diseinua eta 3D inpresioa” izeneko tailerrean, gaztetxoenek 3D inpresora baten funtzionamendua ikasiko dute eta Minecraft bideo-joko arrakastatsua erabiliz egindako diseinuak 3Dn zein erraz inprimatu daitezkeen ikusiko dute. Azkenik, ikus-entzunezkoen mundua maite dutenek euren talentu artistikoa eta sormena probatu ahal izango dute “Kamera, bideo-ekipoa eta Chroma” tailerrean. Horrekin batera Iruña Tecnologías enpresa nafarrak robot kolaboratiboen erakustaldia egingo du.

Gazte Robotikak goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 13:00etan amaituko da diploma eta errekonozimendu banaketarekin, erronka bakoitzeko hiru talde onenentzat. Sarrera irekia izango da, aretoa bete arte.