Zapatuan ipuin kontalari saioa egongo da Portalean Haur liburuaren nazioarteko eguna ospatzeko

Zapatuan ipuin kontalari saioa egongo da Portalean Haur liburuaren nazioarteko eguna ospatzeko
2016/03/30 eta kitto!
Haur liburuaren nazioarteko eguna ospatzeko "Isilka misilka, isiltasunaren zaindaria" ipuina eskainiko du Mate Frankok datorren zapatuan (apirilak 2) umeen liburutegian, 18:00etatik aurrera.

"Zer behar du liburutegi batek? Liburuak, irakurleak, isiltasuna eta isiltasunaren zaindaria. Sinplea dirudien arren, Zaratamerke herrian gehiegizkoa da, hango biztanleak oihuka mintzo eta bizi baitira. Herri zaratatsu hartara iritsiko da ipuin honetako protagonista den Isilka Misilka. Isilka emakume isila eta isiltasun zaleari baino ez zaio bururatuko zarataren erresuma hartan liburutegi bat jartzearen ideia xelebrea. Eta hau gutxi balitz, gainera, elkarri entzuten ez dioten Zaratamerke herri honetan, ipuin-kontaketa saioak antolatzea ere otuko zaio Isilkari. Ezer onik lortuko ote du isiltasunaren heroiak? Hari nagusi honi, protagonistak kontatuko dituen istorio txikiak ere lotuko zaizkio, denak liburutegiez, liburuzainez, liburuez edota isiltasunaz mintzo direnak, isil-isilik entzuteko direnak. Zergatik isiltasunaren gaia? Izan ere, liburutegietan lan egiten dugunok (liburuzain zein kontalari gisa) askotan sentitu baikara ipuin honetako protagonista bezala". (Maite Franko Castro)


Horretaz gain, "Li(buru-hausgarriak) – Puzz-lees" irakurketa eta ikerketa bateratzen duen jokoa egongo da Lehen Hezkuntzako 2. mailatik aurrerakoentzat apirilaren 2tik aurrera. Liburuak irakurri eta gero, buru-hausgarri baten piezak lortzen dira galdera batzuei erantzunez. Kontua da puzzlean agertzen den irudia zeri dagokion jakitea.


Haurrentzat antolatutako jarduerekin jarraituz, apirilaren 22an "Ez da magia, errealitate areagotua da" tailerra izango da umeen liburutegian. 5 eta 8 urte bitarteko haurrek  errealitate areagotua erabiltzen duten liburuak ikusteko aukera izango dute. Liburu "magikoak" dirudite, bertako pertsonaiek bizitza hartzen dute-eta. Errealitate areagotura gerturatzeko marrazki batzuk egingo dituzte eta marrazki horiek 3Dn ikusteko aukera izango dute.


Eta apirileko azken zapatuan, apirilaren 30ean hain zuzen ere, 18:00etan, "Pirata Garrapataren abenturak" ipuin kontaketa saioa egongo da Portalean. Patata Tropikala taldeak magia, antzerkia eta txotxongiloak tartekatzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du, kutsadurak naturak duen eraginaz hitz egin nahi duena.


Pirata Garrapatak bidaia izugarriak egin ditu mundu osoan zehar, eta hainbat abentura bizi izan ditu: Indian, txirula magikoa aurkitu zuen... Australian, poltsa magikoa eta Errusian era guztietako edalontzietan sartea lortu zuen. Baina inoiz bizi izan duen abenturarik izugarriena, itsaspean bizitakoa izan da.


Hala ere, hauek ez dira izango apirilerako udal liburutegitik antolatutako ekitaldi bakarrak.  Apirilaren 5ean Lander Garro  idazlea izango da Portalean 19:00etatik aurrera "Gerra txikia" liburuarekin Harixa Emoten irakurketa taldean. Eta egun eta ordu berean, Peru Magdalenak dinamizatzen duen gaztelerazko irakurketa taldean André Comte-Sponville-ren "La felicidad desesperadamente" liburua izango dute hizpide. Apirilaren 19an, berriz, talde honetako partaideek Eduardo Mendozaren "Sin noticias de Gurb" aztertuko dute Portaleko ikastaro gelan.