'Lagunak Sessions' diskoa aurkeztuko dute Eibarren, Blues Hotsak jaialdiaren atariko kontzertuan

Kataluniako blues musikariak eta Greg Izor estatubatuar ekoizlea elkartzen dituen proiektua azaroaren 13an izango da Coliseo antzokian
'Lagunak Sessions' diskoa aurkeztuko dute Eibarren, Blues Hotsak jaialdiaren atariko kontzertuan
2026/11/03 16:55
Ekhi Belar Errasti

Blues Hotsak jaialdiaren atariko kontzertu gisa, ‘Lagunak Sessions’ diskoa aurkeztuko dute azaroaren 13an, ostiralean, Coliseo antzokian, 19:00etan. ‘Catalunya Harmonica Summit’ izenburupean, Kataluniako blues musikariak eta Greg Izor harmonika-jotzaile, abeslari, konpositore eta ekoizle estatubatuarra bildu ditu proiektuak.

Javier Lagunak sustatutako diskoan, Sweet Marta, David Sánchez Farràs, M.A. Lonesome eta Víctor Puertas harmonika-jotzaile eta abeslariak aritu dira, Johnny BigStone gitarra-jotzaile eta abeslariarekin, Óscar Rabadán gitarra-jotzailearekin, Jordi Abad baxu-jotzailearekin eta Reginald Vilardell bateria-jotzailearekin batera. Greg Izorrek ekoitzi du lana.

Diskoa Katalunian aurkeztu ondoren, musikariak berriro elkartuko dira Eibarren jotzeko. 

Sarrerak 10 euroan daude salgai, baina Coliseoaren Laguna txartela dutenek 7 euro ordainduko dituzte.