Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Piztu eta itzali"

2020/07/06
Azken aldian asko tokatu zait autoan bidaiatzea eta tarte hau aprobetxatu nahi dut keinukariak (hemendik aurrera ‘intermitentiak’; barkatuko didazue erderakada, baina kutsu eibartarra emanez edozein berba pasatzen dugu) pizten ez dituztenei nire mespretxu handiena helarazteko. Nola izango gara gizarte aurrerakoi, ekintzaile, moderno eta errespetagarria biribilgune baten intermitentiak pizteko gai ez bagara?

Begira Urkutron (ai, barkatu, Urkullu). Intermitentiak jarri barik ezkerrera bolante-kolpea eman du eta bidean harrapatu ditu asko eta asko. Abisatu egin behar da! Ez dakit maniobra horren ondorioz lurrera erori diren edo barrez lehertuta jausi diren. Iñigo fuerte dago (porlanezko aurpegia du, duda barik) eta ezkerraren itsasargia bilakatu da. Faroak argi indartsua du, baina antza denez ez da nahikoa Zaldibarkoa argitzeko. Agian ez du pizgailua aurkitzen. Nork izango du? Arriolak?

Gure bizilaguna modu intermitentean ikusi dugu azken aldian. Piztu, itzali, piztu. Zabor errearen kiratsa herriko lurrin bihurtu zenean desagertu egin zen, eta, denborak eta COVID-19ak zaborra gure begi-bistatik desagerrarazi duenean, egindakoaz harro agertu da berriz, tatxa barik.
Bitartean, iluntzen ari da Zaldibar inguruan.

Zaldibar Argitu ez da banderak egiten dituen enpresa bat, eh. Justizia egitea eta gizatasuna eskatzen duen herri-mugimendua baizik. Zabortegian gertatutakoari argi bakarra ematen dion kandela eusten du. Beste foku mediatiko indartsuekin itsutzen saiatu diren ipurtargi bizi eta indartsua. Ez dadila itzali hauteskundeen biharamunean.