Jon Mikel Mujika
Jon Mikel Mujika

"15 urte bertsotan"

2020/06/30
2005. urtea zen astegun arrunt batean nere lehengusuaren ustekabeko deia jaso nuenean. Eibarren bertso eskola martxan jartzeko lehen pausoak eman nahi zirela esan zidan eta ea hasierako bileretan parte hartzera animatuko ote nintzen. Oraindik gogoan ditut sabelean sentitu nuen zirrara eta eman nion baiezko borobila.
Arrateko bertso afari baten ondoren, Kantabriako barra ertzean, eta soinean behar baino trago gehiagorekin sortutako ideia ero hura ez genekien noraino helduko zen. Ez geneukan helburu finkorik. Baina aste gutxiren buruan, Eibarko “bertso-friki” batzuontzat, ostegun iluntzero Arrate Kultur Elkarteko lokalera joatea ohitura bilakatu zen.

Zortziko txikia zer zen doi doi genekien garai hartan, baina poliki-poliki Asier Ibaibarriaga eta Mikel Arrillagaren laguntzarekin, gure ezagutzak garatuz joan ginen. Bertso eskolara joaten ginen guztiok lortu genuen gutxi-asko bapatean zerbait kantatzeko gaitasuna.

Gaitasuna eta gogoa. Gogo aseezina. Zenbat parranda amaitu genituen, tabernako musikaren gainetik lagunaren belarrira eztarria urratu beharrean bertsotan.

Baina ez da guztia parranda izan, ezta gutxiago ere. 15 urte igaro ditugu bertso eta lagun artean ikasiz eta jolasean. Hamarnaka haur, gazte eta heldu igaro gara Hankamotxak bertso eskolatik eta denok utzi eta eraman dugu zerbait. Hamaika bertso saio eta ekimen antolatu ditugu. Euskara plazara atera dugu eta Eibar bezalako herrietan hain beharrezko diren euskararen arnasguneak sortu.

Harro sentitzekoa da bertso eskolak egin duen bide guztia. Eta harro sentitzen jarraituko dugu datozen urteetan egingo dugunarekin ere.

Gure bidelagun izan nahi baduzu, anima zaitez eta jarri gurekin harremanetan:
hankamotxak@gmail.com edo Twiter: @hankamotxak