Marisa Cid
Marisa Cid

"Zu barik"

2019/04/12
Zu barik ezin izango nintzateke bizi. Goizero esnatzeko eta ohiko beharrei aurre egiteko behar zaitut. Zu barik ezingo nintzateke mugitu.  Ibiltzeko, pentsatzeko edota hitz hauek idazteko behar zaitut. Biziki maite dut zugan murgiltzen naizen unea eta zure gozotasuna sentiarazten didazun tartea. Era berean, zure indarrak hunkitu egin nazake; haatik, batzuetan, suntsitzeko daukazun gaitasunak beldurtu egiten nau.

Izugarri gustuko zaitut zelaidietan patxadaz paseatzen duzunean eta baita aldapan behera ero baten pare korrika egiten duzunean ere. Noizean behin, zure gardentasunak nire irudia itzultzen dit: zenbat eta gardenago, orduan eta zoriontsuago ikusten dut nire burua; noizbehinka, ostera, ez didazu nire irudirik itzultzen eta negar-malko bat nire masailetik irristatzen da eta zurekin batera urtzen da.

Zure maitasuna lore sorta baten ikusi dut. Edozein lekutara begiratzen dudala zure emankortasuna mirets dezaket. Zuhaitz zoragarrietan, animalia ederretan eta paisaia liluragarrietan ez ezik, belar nimiño baten ere ikusten zaitut.

Momentu honetan munduan zazpi mila milioi eta erdi biztanle gaude gutxi gorabehera eta bakoitzak bere harremana du zurekin. Batzuetan arduraz eta errespetuz betetako erlazioa da; beste kasu askotan, zoritxarrez, guztiz kontrakoa da eta pozoi hutsa bihurtzen zaituzte. Baina, zurekin zintzo jokatzen ez badute, zure aurpegi txarrena erakutsiko duzu eta gure gizarte harroputz eta lotsagabea aitaren batean desagertaraziko duzu.

Gaur egun, badakigu gure bizimodua ez dela jasangarria; hala ere, gutariko bakoitzak keinu txiki bat egingo balu, etorkizuna aldatu ahalko genuke. Beraz, egoera larri honetan, gogoeta egin dezagun: geure buruari nola jokatzen ari garen galdetu beharko genioke eta egunero zer egiten ari garen, etorkizuna ez zapuzteko.

Aurreko martxoaren 22an zure eguna izan zen. Zuk badakizu maite dudan (h)ura zarela. Zorionak laztana!