Arantza Alvarez
Arantza Alvarez

"Abenduak 1: HIESaren aurkako nazioarteko eguna"

2016/12/01
Jendea HIESak eragindako infekzioaren arazoarekiko eta dituen ondorioekiko sentikor bihurtzea bilatzen da egun horren bitartez. Prebentzio eta kontroleko neurriak areagotzeko premia gogoratzeko eguna ere bada, tratamendurako eskubidearen aldekoa eta HIESa dutenen diskriminazioaren kontrako aldarrikapenak ahaztu barik.
2007. urtetik hona Euskadin HIESaren gaineko datu epidemiologikoak ditugu. Azken urteetan HIEsaren kasuek behera egin badute ere, ez da gauza bera gertatu GIB edo VHIaren kasuekin; zenbakiak nahiko egonkor mantentzen dira, urtean 200 kasu berrirekin. Beraz GIB edo VHIak oraindik hor jarraitzen du.
Urtero ematen diren 200 kasu berri horiek argi eta garbi erakusten dute prebentzioan dagoela arazoa. Komunikabideetan ez da arazoari buruz lehen bezala hitz egiten, jadanik ez dira ikusten HIESak eragindako heriotzak. Ikerkuntzek aurrera egin dute, eta, gaur egun dauden tratamenduei esker, lehenengo munduan persona seropositiboek ez dute HIESa garatzen. Pentsa daiteke infekzioari beldurra galdu egin diogula. Seropositiboa izatea ez zaigu hain larria iruditzen orain. Eta honek arazoa jadanik ez dela arazo bat pentsarazten du, eta hori irudi faltsua da.
Baina seropositiboa izatea ez da txantxetako gauza. Aldizkako analitikak egin behar dira birusaren eboluzioa kontrolatzeko eta, degradazio kasuetan, ahalik eta lehen lanean hasteko; birusa aktibatzen baldin bada, horri aurre egiteko tratamentu batekin hasi behar izaten da. Gainera, kondoiaren erabileraren kontua dago; betirako erabili behar da seroposibitatearen kasuan, GIB edo VHIaren transmisioa ekiditeko eta birusaren aktibazioa eragin dezaketen berrinfekzioak ekiditeko.
Gizarte arloan dago pisurik handiena, oraindik gai honek sortzen duen beldurrarengatik. Badaezpada, ez da publikoki azaltzen seropositibitate izaera. Beldurra zaio gizarte bazterketari. Gogoratu birusa odolean, esperman eta bagina-sekrezioan konzentratzen dela; soilik fluido horietan ematen da konzentrazio nahikoa gorputz batetik bestera transmititu ahal izateko. Eta gogoratu odolera sarbide bat egon behar dela. Ez da nahikoa fluido horien kontaktu sinplea azalarekin edo zauririk gabeko mukosekin.
Ezin da beldurrarekin bizi, baina beharrezkoa da babes kontzientea izatea.