Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Alberto eta Pello"

2019/09/11
Garai batean, gu Ipuruara partiduak ikustera joaten hasi ginenean, SD Eibar Hirugarren Mailako talderik onenetakoa zen. Hala zioten adituek, behintzat. Ordurako, bost bat aldiz ere galdua zuen Bigarren Mailara igotzeko promozio-kanporaketa. Bi igandez behin aritzen zen Ipuruan. Libre utzitako igandean, Urko jubenilak hartzen zuen haren lekua berdegunean. Urko ere punta-puntako taldea zen: Liga irabazteko hautagai nagusia urtero. Ligaren ostean, sasoiaren arabera, Gipuzkoako Txapelketa zein Espainiakoaren kanporaketak izaten zituen zain. Beste jubenilak, Arratek, oso-oso gutxitan jokatzen zuen Ipuruan. Haren helburua bestelakoa zen: Txantxazelaiko jokalaririk onenak bildu, zelai handian jokatzen trebatu eta Urkora jauzi egiteko prestatu.

Arrate eta Urkoren entrenatzaileak, SD Eibarkoak ez bezala, beti berberak ez ezik, eibartar peto-petoak ziren: Alberto Albistegi eta Pello Muniozguren. Biak urte berean jaioak, biak familiaburu, biak SD Eibarko jokalari ohi, biak Alfako behargin, biak auzokide,… Ipurua futbol zelaiaren ate nagusiaren ondo-ondoan bizi ziren. Entrenatzaile arrakastatsuak, inondik ere. Pelloren Urko, esaterako, Gipuzkoako txapeldun suertatu zen 1969an, eta Albertoren infantilak Espainiako txapelketako hirugarren postua eskuratu zuen 1971n. Hala ere, haien lorpenik handiena, beharbada, SD Eibarri egindako jokalari-aportazio paregabea izan zen: Castañon, Beistegi, Gisasola, Amutxastegi, Diego, Esnaola,…

Futbolak bizi zituen, eta Ipuruako aldagela zuten bizigai: hango usaina (lixibaren, linimentoaren, izerdi ustelaren eta masajeko xaboiarenaren nahas-mahas halakoa), hango hotsak (burdinezko takoek, komuneko kateak-eta egindakoak), hango lurruna (dutxa kolektiboek sorrarazia),... Haiek arropaz aldatu eta txandalean ateratzen zirenean, mundua piztu egiten zen euren inguruan.