Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Aldaketa Txilen?"

2021/12/27
Aurreko domekan hauteskunde orokorrak egin ziren Txilen. Eskuineko hautagaia Jose Antonio Kast izan zen, neoliberala, baina ez faxista, batzuk esaten zuten bezala. Faxismoa estatista da eta Kast eta Hegoamerikan dauden beste hainbeste eskuindar utraliberalak izan dira beti. "Ezkerreko" hautagaia, Gabriel Boric, ikasleen, emakume langileen eta sektore desberdinen babesa jaso ditu eta, botoen %55arekin, nazio horretako hurrengo presidentea izango da.

Txile, 1973ko kolpearekin, laborategia bihurtu zen kapitalismoarentzat, eta han ezarri zituzten politika neoliberal asko (gero beste herrietara zabalduko zituztenak). Eta, Pinocheten diktadura amaitu zenean, gobernu demokratikoak FMI-ren menpe egon dira, kanpoko zorraren eta multinazionalen aginduak jarraitzen.

Hegoamerikan ohikoa izan da diktaduren eta demokrazien arteko jarraipena politika ekonomikoetan. Txilek lotuta jarraitzen du nazioarteko itunen bitartez.

Eta zer egin zuen Bacheleten "gobernu aurrerakoiak" horren aurka? Pobrezia eta azpienplegua igo dira han,  bai Bacheletekin eta baita eskuineko Piñerarekin ere. Kontserbadoreak eta sozialdemokratak; badirudi  ez dagoela beste aukerarik.

Ezkerrek, benetan botere irautzailea eta desberdina eraiki nahi badute, ezin dira gelditu "Arco Iris"-eko aurrerakotasun batean. Ezinbestekoa da benetazko prozesu konstituziogilea eraikitzea, atzerriko zorrarekin eta nazioarteko itunekin amaitzeko.

Txilek oraindik gai larriak ditu konpondu gabe: ezegonkortasuna, gizarte bazterketa, jubilazioak, mapucheen lurraldeetan gertatzen dena, etabar. Eta, garrantzitsuenen artean, bere lurralde nazionalaren babesa aurkitu behar du atzerriko botere transnazionalen aurrean.

Carlos Perez Soto filosofo txiletarren hitzetan, "badirudi Gabriel Boric Bachelet II" izango dela. Washingtonen ikuspuntutik, Txile Latinamerikako nazioen artean ikasgelako ikasle onena izan da, baina... aldi berean adiskide txarrena Hegoamerikako beste herrientzat.

Txilen inoiz izan den presidente gazteenak ezkerreko politikak bultzatu beharko ditu eta atzerriko eta barneko kapitalisten aurkako politikak garatu. Horretarako prest al dago Boric, edo batukada erraldoi batean geratuko da guztia?