Gari Araolaza
Gari Araolaza

"Aniztasun gela edo `dibertsi´”

2019/07/15
Aniztasun gela edo "dibertsi" (Diversidad hitzetik) gela berezi bat da, DBHko hainbat zentrotan dagoena. Gela horren helburua da DBHko titulua lortzeko zailtasunak dituzten ikasleak bideratzea. Zailtasun horiek hainbat jatorri izan ditzakete: gaixotasun luzeak, etorkinak, ikasteko zailtasunen bat dutenak... Hortik izena: aniztasun gela. Gela horretan eskolak nagusiki bi irakaslek ematen dituzte, batek letrak eta besteak zientziak.

Ikasle kopurua txikiagoa da (12-15) eta lan pertsonalizatua egiten du irakasleak. Azterketek pisu gutxiago dute eta gehiago aurkezpenek, talde lanek eta eguneroko jardunak. Notek ezin dute puntu batetik goragokoak izan, beste ikasleekin alderatuta abantailarik ez izateko.

Merezi du. Eskola anitza nahi genuen, fokua ahaleginean jartzen duena eta ez hainbeste emaitzetan, ikasle kopuru txiki batekin, berezitasunak kontuan hartuta, harremanak eta talde lana bultzatuz, eta hori dena dago aniztasun gelan. Albo efektuak:
• Ikasleak ez dira lotsatzen eta akatsak egiteko beldurrik gabe hartzen dute hitza gelan.
• Bakoitzak bere zailtasunak dituenez, elkarri laguntzen diote eta inork ez dio besteari barrerik egiten.
• Ikasle bakoitzaren gaitasunak azaleratzen ditu. Euren buruaz irudi eskasa zuten ikasleak besteei laguntzeko gai direla konturatzen dira.

Badago beste ikasle eta gurasoengandik kasu batzuetan zelo apur bat, horientzat gauzak errazagoak direla-eta. Alderantziz, ikasle horiek beste handicap batzuk dituzte eta normalean besteek baino lan gehiago egin behar izaten dute.

Izan ere, ez genuen ahalegina baloratzea nahi ezagutzen ordez? Zailtasunak dituztenekin zer egingo dugu, pelotoian integratu ala bide bazterrean utzi? Ez da hau eskola publikoan nahi genuena? Ez ote genuke nahi eredu hau beste geletara zabaltzea, makro-zentru eta gela masifikatuen ordez?

Aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko Eibar BHI-ko Virginia, Irene eta Gorkari, sistemaren zurruntasunaren gainetik euren gizatasuna jartzeagatik.