Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Autoa"

2017/07/10
Gure aitak eta amak ez zuten sekula autorik izan, eta hala, gure haurtzaro eta gaztaroan ez genuen etxean autorik ezagutu. Duela mende erdi, gutxi gorabehera.
Aita zenak tailer txiki bat zeukan, astegunetako ordu guztiak (larunbatekoak barne) zurrupatzen zizkiona. Jaiegunetan, berriz, mendira joatea zuen gogoko. Club Deportivoko kide izan zen urtetan, eta ardurako karguak ere bete zituen bertan. Mendi-ateraldietan autoak mesede baino kalte egingo zion, izan ere haren gozamena martxak edo zeharkaldiak egitea zen, hots, herri edo auzoren batetik abiatu eta urruti samar zegokeen beste herri edo auzoren batean amaitu; adibidez, Karakatera igo, gainalde guztia zeharkatu    eta Bergarara edo Zumarragara jaitsi.
Ama zenak, berriz, ez zezakeen inola ere halako ibilaldirik egin. Nahi ere ez, bestalde, nahikoa eta gehiegi nekatzen baitzen eguneroko zereginetan. Etxeak eta familiak betetzen zioten denbora guztia, eta pixka bat libratzen zenean, nahiago zuen paseatu, jendeartean ibili, eskaparateak ikusi edo jatetxeren batean mokadu bat egin. Halaber, elizkoia izaki, meza-ostea luzatzea gustatzen zitzaion. Esango nuke bazterrak ikustea ez zela haren kezka edo buruhausterik handiena.
Beste alde batetik, gure aita eta ama probintziako herri banatakoak ziren, eta gurasoak zendu zitzaizkienean, beren jaiotetxera zein jaioterrira joateko grina galdu zuten.
Lanari emanak, denbora gutxi zuten aisialdirako; gutxiegi, hura elkarrekin partekatzeko; eta batere ez, autoaren aukera planteatzeko. Eta gero, berandu izango zuten.