Itziar Sapsootham
Itziar Sapsootham

"Barrikadaren bestaldean"

2023/04/28
Aste Santuko jai egunetan, ezagutzeko gogo handiak nituen Zuberoa eta Behe Nafarroan egun batzuk pasatu ditut. Motibazio nagusia, igandean Barkoxeko Maskaradak ikusi ahal izatea izan zen, eta bide batez, bertako lagun bat bisitatzea. Egun zoragarriak izan dira.

Aldez aurretik bizpahiru leku interneten fitxatu, furgoneta txikia (ejem, kotxea) prestatu eta pare bat ordutan han ginen. Hegoaldeko turista batzuk moduan, Irati, Harpeako koba, Holtzarteko zubia, La Vernako kobazulo ikaragarriak, Donibane Garazi, Maule… bisitatu ditugu; Iroulegy-ko ardoak, Ricard eta Perroquet-ak edan ditugu eta axoa, gasna eta pateak dastatzeko aukera izan dugu. Barkoxera igandean heldu, Mauleko gazteen barrikadara gerturatu, kotxea hala moduz utzi eta hor joan ginen desfilean beste hainbat hegoaldetarrekin (nola ez, beste eibartar bat tartean zelarik). Xiberotarrekin egin genuen zintzür-büstitzea goiz hartan eta arratsaldeko ekitaldiaren ostean, taloa jan eta Barkoxtar gazteek kudeatzen duten ostatu-ttipian egin genuen besta.

Zoragarriena eta betegarriena, opor ia guztiak euskaraz egitea izan da. Esan behar dut: prejuizioz nindoan. Ezagutu ditudan Iparraldeko euskaldunek, haien egunerokotasunean euskaraz bizitzeko zailtasun asko dituztela transmititu didate beti. Hegoaldean ere gertatzen da, noski, baina egia da muga politikoaz bestalde arlo batzuetan egoera kaxkarragoa dutela. Hala ere, bidaia ia osoa euskaraz egiteko aukera izan dugu, upategiko bisita barne! Arabar Errioxako upategien zale amorratua izanik, inoiz ezin izan dut euskaraz bisita bat egin. Baigorrin aldiz, lehenengoan. Euskara goxo, eder eta jantzi batean.

Eskerrik anitx Cedric, zure zelaian lo egiten uzteagatik. Iganteko bestaren bürühandia aiseago pasa genuen. Oporrak fite ürrentü ziren eta ezin düt egürükitu bueltatzea, egün gütti batzuk pü, eta prefosta, amini bat xibereraz ikastea eta erranaldi eskas hau hobekiago idaztea.