Nagore Fernandez
Nagore Fernandez

"Berandu eta garesti"

2021/11/21
“Ez dira betiko garai onenak, azken finean gizaki hutsak gara.  Barearen ostean dator ekaitza…”  Eta ekaitzaren ostean, horniduren mundu mailako arazoa etorri da.

Sektore eta maila guztietan igartzen hasia da produktuen falta, hornidura epeen luzapen edo ziurtasun eza, prezioen garestitzea. Lanean duela hilabeteak hasi zitzaigun komeria: Materialak lortu ezinda, aurrekontuak baliogabeztatuta, bezero eta hornitzaileekin borrokan, azalpen kontsolagarriak entzun eta eman nahian. Eta gremio txikiekin gertatu zaigu, baina ez pentsa, baita IKEA moduko munstro erraldoiekin ere! Dena berandu eta dena garesti.

Ziur zuek ere nabaritu duzuela; ez dut uste inor enteratu gabe dagoenik, honezkero. Eta orain, gabonak gerturatzen direla eta, jostailu edo ginebrarik gabe geratuko garen beldurra zabaldu da, ene! Segi ba azkar xoxak gastatzera, eskuhutsik geratu baino lehen!

Bitartean Glasgowko bilerari buruzko titularrak entzun eta, antza, ez gara gai zientziak aurreikusten duen etorkizun katastrofikoari aurre egingo dioten neurriekin ganorazko bide-orri bat marraztu eta akordiora heltzeko.

Eta orduan burura datorkit, berriz: Dena berandu eta dena garesti. Atzerapenak eta prezioak nabarmenki hazi baitira, bai. Baina planeta salbatzeko ere berandu xamar gabiltza ba, eta horren prezioa ezingo dugu ordaindu, opariekin bezala lehenbailehen eta zuhur jokatzen ez badugu behintzat. Baina, urruti ikusten dugu eta, kantuak dioen moduan gizaki hutsak garenez, zer egingo dugu ba guk, koitaduok?

Ba kutsadura murrizteko gertuko dendetan erosi, eta gintonica eskuan, familia edo lagun artean gaiari buruz solastu dezakegu, gutxienez. Ea behingoz konturatzen garen bestela kantuarekin segiko dugula eta “udaberri berririk ez (dela egongo) guretzat”.