Malen Illarramendi
Malen Illarramendi

"Carpe Diem"

2018/01/28
Aspaldi ez dela irakurri nuen zer pentsatua eman zidan definizioa. Honela zioen: bizitza da etorkizunerako planak egiten ditugun bitartean, ziztu bizian eta konturatu barik, pasatzen zaigun denbora-tartea. Eta halaxe da, bai. Etorkizunean ganorazko pertsonak izateko buru-belarri ikasten ematen ditugu urte luzeak; ikasturtea amaitu orduko hasten gara hurrengo urtekoa antolatzen; eguna amaitu orduko dugu buruan biharamuna; eta, horrela etengabe eta bizitzaren alor guztietan. Zain dugunarekiko kezka horrek ez digu orainaz gozatzen lagatzen, benetakoa den bakarraz; eta azkarregi bizitzera garamatza, denborari aurrea hartuta, bidean zenbat galtzen dugun konturatu gabe. Urtarrila omen da asmo berriei heltzeko hilabeterik aproposena, hortaz, hel diezaiogun unean unekoari eta gozatu ditzagun festa, plazer, eta bizitzako momentu guzti-guztiak azkenak balira bezala, berandu baino lehen. Gero gerokoak! Orain ez bada, noiz ba? Carpe diem esan zuenak bazekien, bai, zertaz ari zen.