Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Cocodrilo Dundee"

2018/06/11
80ko hamarkada bideoaren hamarkada izan zen. Eta telebistakoa, noski. Baina telebista zeramatzan jadanik 20 urte gehiengo populazioaren etxeetan. Gure gurasoen garaian familia osoa, batuta, kanal bakarra ikusten zuen. Baina gure garaian, bideoklubak amerikar pelikulekin bete ziren. Beldurrezkoak, gerrakoak, akziozkoak, pornoak etabar. Nik bideoan ikusi nuen lehen pelikula " Cocodrilo Dundee" izan zen. Michael Dundee Kokodrilo-ehiztaria eta abenturazalea da protagonista, Australiako iparraldeko zingiretan. Ondorendo urteetan turismoaren gorakada egon zen Kakadu parke nazionalean, Australian. Jendeak kokodriloak bere esparru naturalean ikusi nahi zituen, Michael Dundeek bezala.
80ko hamarkadakoa da ere "Memorias de Africa". Karen von Blixen baroiaren bizitzan oinarrituta, Keniako paisaiak eta hango abereak bere edertasun osoan erakusten ditu. Ikuspegi kolonialetik, noski. Blixen baroiak bere amodio istorioa bizi zuen. Afrikarrak, bitartean,  abenturazko Afrika horren elementu bat besterik ez dira, Elefanteak edo ostrukak bezala. Ba, orduan ere bai, modan jarri zan Keniara joatea eta Blixenek ikusi zituen lurrak bisitatzea. Horregatik, egunero ehundaka furgoneta Masai Mara, Amboseli edo Tsuavoko erreserba nazionalak zeharkatzen dituzte, turistaz beteta, lehoiei argazkiak ateratzeko.
Urte batzuk geroago, "La playa" pelikulan, Leonardo Di Caprio-rekin, Thailandiako hondartza zoragarri batean filmatu zen. 2003ra arte hondartza hori guztiz birjina zen. Gero jendez eta hondakinez bete zen.
80.eko hamarkadan bideoa sartu zen gure etxeetan, baina dendetan eta supermerkatuetan erosketak egiteko gure amamen oihalezko poltsa zaharrak alde batera laga genituen eta plastikoa erabiltzen dugu guztirako. Izango da eguna ordainduko duguna.