Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Dantza ala hil"

2017/06/08
Lan ederra utzi digu Jon Maya dantzariak. “Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko”, bota zuen Max Saria jaso zuenean. Ulertzen da, Jon, zein zen zure asmoa. Eskertzekoa da, baina orain herria bizirik mantentzeko dantza egin beharra, tira. Euskaldunak gara Jon, ondo dakizu, txantxa asko egiten da gure burdinezko gerrien inguruan, eta kostatzen zaigula aitortu beharra dago. Kostatzen zaigu, baina topikoekin jarraituz, burugogorrak gara eta lortuko dugu. Ezina ekinez egina. Leloak, lemak, ez zaizkigu falta.
Leloak, tentelak, soberan ditugu alboko auzoan (hemen ere). Aktore euskaldun jakin batzuk ez kontratatzeko kanpaina zitala jarri dute norbaitek esan duelako hark komentatu diola ez dakit nun entzun duela aktore horiek terroristak babesten dituztela, gure herriko metal talde ospetsuena (beste asko bezala) betatua izan da hainbat herritan eta “euskarak ez du ezertarako balio, hiltzera kondenatua dago”.
Herioak askotan bisitatu du euskara, soka lepoan estutu dio, baina eztarriak beti aurkitu du azken (aurren) hatsa emateko zirrikitua. Arnasa dagoen bitartean, euskarak bizirik dirau, eta euskararen birikak oxigenoz beteta daudela erakutsi dute Max sariek.
“Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko”, abesten zuen Fermin Muguruzak. 2003an, Musika Saria jaso zuenean, txistu eta irainak jaso zituen Egunkariaren itxiera salatzerakoan. Mayak, ordea, txalo zaparrada jaso zuen diskurtsoa amaitzean. Aurrera goaz. Dantzatu dezagun.