Ander Romarate
Ander Romarate

"Desgaitasunaren paradoxa"

2020/02/21
Desgaitasuna daukaten pertsonak bizi-kalitate txarragoa daukatela uste duzu? Hasiera batean seguraski galdera honi baiezko erantzuna emango diozu. Azkenean, zuretzako, bizi-kalitate on bat edukitzeko bete behar diren baldintzak zeintzuk dira? Azken aspektu honek asko inporta duela esango dizut.

Jendeak uste duenaren aurka, ikerketen arabera desgaitasuna daukatenen %50etik gora diote bizi-kalitate ona dutela. Eguneroko jarduera asko egitean arazoak eduki arren eta zenbait kasutan diskriminaturik sentitu, bizi-kalitatea ona dela diote. Egia da desgaitasun motak eta bizi zaren testuinguruak asko eragiten dutela. Baina, askotan, perspektiba aldaketa egitearekin nahikoa da.

Zientziarekin jarraitzen badugu, ikerketa interesgarri bat dago gai honen inguruan. Albrecht eta Devlinger-ek 1999. urtean desgaitasun maila altua zuten pertsonen esperientziak jaso zituzten. Esperientzia horien artean, bizi-kalitate ona izateko zein faktore bereizten zituzten aztertu zuten. Emaitzen arabera, bizi-kalitate ona zeukaten pertsonek alde mental eta sozialei garrantzia ematen zieten bitartean, bizi-kalitate txarra zeukaten pertsonek, egunerokoan zuten mina eta nekeari ematen zioten garrantzia.

Baina, ikerketa honetan azaltzen den alderik interesgarriena izan zen desgaitasunik ez zeukaten pertsonek gorputzari emandako balio handia. Perspektiba guztiz desberdina. Azkenean, sinesmen horiek zera lortzen dute: desgaitasuna duten pertsonak bizi-kalitate txar bat daukatela pentsatzea.