Iñaki Elortza
Iñaki Elortza

"Dieta alkalinoa. Oinarri zientifikorik?"

2016/05/27
Oraingoan modan dagoen dietari eutsiko diogu; dieta alkalinoa. Kalean azken aldian gehien aipatzen den dieta dugu hau, eta ez argaltzeko dieta moduan, baizik eta, batez ere, osasunerako dieta onuragarri bezala. Dieta honen sortzaileen arabera, honek minbizia ekidin edo senda lezake, eta osteoporosia edukitzeko arriskua ere murriztuko luke, beste onura batzuen artean.
Dietaren oinarrian elikagaiek gure gorputzeko Ph-a aldatu dezaketenaren sinesmena dago. Horrela, elikagai batzuk (frutak, barazkiak eta arrainak batez ere) gure gorputzeko Ph-a igoko lukete (alkalinizatu) eta beste elikagai batzuk (azukrea, haragi gorria, alkohola, adibidez) gure Ph-a jaitsiko lukete (azidifikatu). Teoria honen arabera, herrialde industrializatuetan daramagun elikadura motak gure Ph-a azidifikatzen du eta hortik datozkigu osasun arazo edo gaixotasunak. Dieta alkalinoarekin Ph hau igo genezake gaixotasunak ekidinez.
Eta zer diote zientzialariek teoria hauei buruz? Aho batez gaitzesten dituzte, eta beraz atal pseudozientifikoan edo sinesmen hutsetan oinarritzen dute dena. Hauen arabera, eta ikerketa askoren babesarekin, elikagaiek ez dute gure gorputzeko Ph-a aldatzeko gaitasunik, eta ondorioz, baieztapen honek teoria guztia hankaz gora uzten du.
Eta zein da dieta honen jarraitzaileen iritzia? Orokorrean oso ondo sentitzen direla baieztatzen dute. Beraz, non dago gakoa?
Nire uste apalean, dieta honek proposatzen duen elikadura mota (puntu eztabaidagarri batzuk kenduta) oso osasuntsua izan daiteke. Ez planteatzen diren teoria pseudozientifikoengatik, baizik eta gaur egun denok dakigulako barazki, fruta eta arrainean oinarritutako dieta bat osasuntsua dela.