Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

"Dieta hitzak zer esan nahi du?"

2017/03/03
Dieta egunean zehar jaten dugun janarien edo elikagaien kantitatea da. Egiten dugun dieta egiten dugula, orekatua izan behar du osasuntsu mantentzeko.
Sarritan entzuten dugu kalean norbaitek esaten duela: -Dieta egiten hasi naiz edo dietan jarri naiz…. Zer esan nahi du horrekin?. Argaltzeko dieta bat egiten ari dela hain zuzen ere. Beraz, gaizki erabiltzen da dieta hitza kasu horretan. Zer dieta egiten ari den azaldu beharko du ulertu diezaiogun. Bestela elikagaiak jaten dituela bakarrik adierazten digu.
Lehen azaldutako dietaren esanahiaren haria hartuz, esan dezakegu dieta mota asko daudela.
Batzuk aipatzearren: dieta mediterraneoa, landare dieta edo begetarianoa, dieta makrobiotikoa, dieta paleolitikoa, dieta beganoa, dieta ayurvedikoa, argaltzeko dieta, gizentzeko dieta….
Eta zein da dieta ideala? Ez dago denontzat dieta ideala izango denik. Baizik eta aukera asko pertsona bakoitzarentzat. Pertsona bakoitza berezia da, bakoitzak ikusi behar du zer dieta tipo datorkion hobetoen. Norberaren dieta egokia aukeratzeko garaian kontuan izaten diren faktoreetako batzuk, siniskerak, erlijioa edo bizitzeko era…. ditu. Bestalde, zein dieta mota egingo den aukeratu ondoren, dieta hori pertsona bakoitzari egokitu beharra egoten da. Horretarako kontuan hartu behar dira besteak beste: adina, sexua, lanbide edo aktibitatea, bizi-lekua, urtaroa... Horregatik ez dago dieta konkretua, denontzat balioko duena.  Bestalde, esan beharra dago ez dela pertsona dietara egokitu behar alderantziz baizik: dieta pertsonara egokitu behar da.
Argi dagoena, aukeratzen den dieta bata edo bestea dela, hau derrigorrez orekatua izan behar dela osasuntsu mantentzeko. Hau da, dieta horrek ezinbestekoak diren mantenugaiak euren kopuruan izan behar dituela. Beharrezkoenak diren mantenugaiak: proteinak, koipeak, karbohidratoak, bitaminak eta mineralak dira. Mantenugaiak animali erreinutik edo landare erreinukoak izan daitezke.
Bestalde, argitu nahi ditudan bi kontzeptu, jangai eta elikagai hitzen esanahia da. Jangai hitzak, izakiok jateko gai den zerbaiti esaten zaio. Honek ez du esan nahi gure gorputzarentzat ona izango denik, soilik irentsi eta metabolizatzeko gai garen edozer izan daiteke. Bestalde, elikagai hitzak, izakiok jan eta gure gorputzari era bateko onura edo behintzat mantenugairen baten aportazioa eskaintzen digula esan nahi du.
Elikadurak erlazio estua dauka gure osasunarekin. Osasuna berreskuratzeko, sarritan nahikoa izaten da egiten ari garen dieta aldatzea osasun hobekuntzak berehala nabaritzeko. Hau da, sarritan: jangaien ordez elikagaiak jatea. Hipokratesek zioen bezela: Janaria zure elikagaia izan dadila eta elikagaia zure sendagaia.

Iritzi gehiago irakurtzeko: http://etakitto.eus/category/iritzia

Piramidea