Mikel Arrillaga
Mikel Arrillaga

"Erdaraldia"

2020/12/12
Erdaraldian sartuta gaude berriro. 350 eguneko erdara aldi luze eta ilunean, abenduaren 4tik, hain zuzen ere. Komunikabide gehien-gehienak (irrati, prentsa-idatzi, telebista) erdara hutsean; sare sozialak, zer esanik ez; politikari ia guztiek mezuen atalik esanguratsuenak espainol batuan; kaleko, eta asteburuan, Kalamuako hizkuntza nagusia gaztelania; Ertzainak kontrolean Cervantesen hizkuntzan... Kontxo, kontxo! Ia ia Euskaraldian bezala!

Herritarren konpromiso pertsonalaren baitan uzten da ardura osoa: Ea, zuek hitz-egin euskaraz 15 egunez, aldatu hizkuntza-ohiturak, eta gero urte osoan zehar eutsi, gainera. Hori bai, gainontzeko testuinguru osoak berdin iraungo du. Hain erraza balitz... Euskaraldia, ariketa polita izanda ere, ez da nahikoa. Txapatxoekin argazkietan ateratzeaz gain, politika eraginkorrak egiteko garaia da. Badago zeregina: euskarari lege babes handiagoa eman, hizkuntza etxeetan eta sare sozialetan sartzen saiatu, hedabideei gutxieneko euskara-kuota jarri... Nola egin daitekeen? Ez da erraza, baina, hasteko, garbi dago euskara ikasteak guztiz doakoa izan behar duela, nahi duen orok arazorik gabe ikas dezan. Bestalde, EITBn aldaketa izugarriak egin beharra dago. Aitortzen dut ETB1ek bide polita hartu duela azken aldian: Telesail interesgarriak sortu ditu, eta hainbat programa ikusgarri ere bai; beraz, alde horretatik ongi. Hala ere, pentsatzen dut ezinbestekoa dela ETB2n euskara askoz gehiago sartzea, saio arrakastatsuetan batez ere. “Conquis”- en, esaterako, euskal hiztun ugarik hartzen du parte; ezin al da hori baliatu euskara indartzeko, ezin al dira azpitituluak erabili? Hori adibide bat besterik ez da, baina egongo ahal dira ni baino pentsalari azkarragoak neurri egokiagoak hartzeko!

Ez dute ezer egingo, jakina. Hurrengo Euskaraldia edo Euskararen Eguna baliatuko dute gure altxor preziatuari miresmena eta maitasuna adierazteko. Euskarak ez du inolako omenaldirik behar, ordea; hiztunak baizik; eta beti, inori ezer inposatzeko beldurrez, ezer egiten ez den bitartean, ezjakinak inposatuko dio berea dakienari, eta agintariek jakitearen alde egin behar dute beti.