Jesus Gutierrez
Jesus Gutierrez

"Eta orain zer?"

2021/06/14
Lerro hauek idazten ditut Eibarrek 1. Mailan jokatutako azken partiduaren ondoren, zazpi urtetako ibilbidea egin eta gero. Kontu! Ez diot hori izango denik Eibarren historiako azkena 1. Mailan, eta ñabardura horrek badu garrantzia. Eibarren historiako 81 urtetako ibilbidearen etaparik distiratsuena amaitu da eta sasoi berriaren aurrean gaude.

Aipatutako urte horietan guztietan kirol zein ekonomi arloko denetariko uneak bizi izan ditugu eta klubak ondo jakin izan du izandako arazoei egokitu eta bere nortasun ikurrei eusten. Horren “sekretua” klubaren kudeaketa Eibarrek duen nortasunaren ezaugarriekin paraleloan joatean dago: zorroztasuna, lana, sakrifizioa, askoren arteko ahalegina...

Aurrean dugun erronketako bat da, ekonomia nagusi den ingurune oldarkor honetan, azken urteotan errealitate horretara egokitu behar izan diren nortasun-ezaugarriak berreskuratzea, indartsu.

Maila guztietan hain konpetitiboa den arlo horretan, edonondik begiratuta ere erraldoiei aurre egin behar diegun futbolean, gure proiektua bestelakoa izan behar da, gure sustraiak inoiz baztertu gabe; “oihanean” handiei aurre egiteko asmoa badugu eurek egiten duten erara, jakinda gure kasuan bide hori askoz ere estuagoa dela, kale egingo dugu. Jaitsierak aukera eskainiko digu zer izan nahi dugun aztertzeko, eta ausartak izan behar gara bai analisian eta baita kritikan ere, alderantziz egitea gure burua engainatzea izango litzatekeelako. Hortik abiatuta, badago ilusioari eutsiz proiektu berria eraikitzeko aukera.

Gure desberdintasuna guztiok batuta egotean datza, proiektuaren batasunean; eta, horretarako, guztiok gara garrantzitsuak. Futbolaren munduan zeozer izatea ahalbidetuko diguna bakarrak izatea da; baina, edozein kasutan ere, elkar hartzen badugu. Futbola sentimenduak dira, emozioak... Zalegoaren ilusioa berreskuratu behar dugu eta, helburu horretarako, guztiok gara beharrezko: elkarrekin lan egitea dagokigu eta, inoiz baino gehiago, gure sustraietara itzultzea.