Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Etorkinak"

2016/06/10
Orain dela dozena bat urte honako hau idatzi nuen, Mario Onaindiaren biografiaren abiaburu: “Gauza jakina da Eibarko biztanleriak gerraostean hazkunde izugarria izan zuela, kanpo herrietatik –Gaztela, Extremadura edota Galizatik ez ezik, Euskal Herritik bertatik ere– giza oldeak etorri zirelako bertara”.
Esaldi horrekin azpimarratu nahi nuen Eibarrera etorritako kanpotarren artean ez zeudela kastellanoak, andaluzak eta gailegoak bakarrik, baizik eta Gipuzkoa bertako eta Bizkaiko makina bat lagun ere bai, –Onaindiaren gurasoak, edota nireak, kasu–, eta denek ere helburu bikoitza zutela: batetik, lan egin eta dirua irabaztea; eta bestetik, hiri-bizitzan integratzea.
Gaur egun, zerbait erantsiko nioke pasarte hari: alegia, denek helburu bera izan arren, etorkinen familia bakoitzak modu partikularrean bizi izan zuela bere deserriratzea. Hala, Onaindia-Natxiondo sendia, esate baterako, 1953ko urtarrilean ailegatu zen Eibarrera, aita, ama eta hiru umerekin. Gure aita zena, berriz, hamar urte lehenago heldu zen, 1943an hain zuzen, hogei urteko gazte konpromisorik gabea, eta Armeria Eskolako ikasketak egiteko aukera izan zuen.
Emakume etorkinei dagokienez, gure ama zenak, adibidez, ezkongaietan neskame jardun zuen Zestoan eta Donostian, eta beti kontatzen zuen (erdi txantxetan) berak neskametzan irabazitako diru haiei esker jarri ahal izan zuela aitak bere kontura bere lehenengo tailer-zuloa (Muzategi, 11).