Lorea Arakistain
Lorea Arakistain

"Ez dago emakume teknologikorik"

2017/05/08
Europako Batzordearen arabera, ingurune digitalean lan egiten duten 7 milioi pertsonen artean %30 baino ez dira emakumezkoak, are gutxiago ardura postuetan: %19.  Etxera etorrita, egoerak ez du itxura hoberik. Esate baterako, .EUS domeinua erregistratzen dutenen %25 baino ez dira emakumeak.
Zergatik ez dago emakume teknologorik? Ez dagoelako neskato teknologorik. 90eko hamarkadan EHUko informatika ikasketetan neska eta mutil kopurua parekoa bazen, aldea urtez urte areagotu da iaz hondoa joa arte: %8 neskak eta %92 mutilak. Bokazio falta dago.
Nekez egongo da bokaziorik jaioberritatik zaintza-gaitasunak garatzen dituzten jostailuak eskaintzen bazaizkie, emakume teknologo errealen erreferenterik ez eta freak esterotipoa barneratzen badute.
Heldutan, emakumeek Internet erabili egiten dute, gizonek baino gehiago. Erabiltzen dute gizonek sortzen duten Internet hori berori. Nolako internet, nolako ingurune digitala ari da sortzen herritarren erdia ez bada ari sortze horretan parte hartzen? Izan daiteke ingurune parekide eta egokia emakumeentzat?
Arrakala digitala esaten zaio baliabide teknologiko berriak lortzeko talde sozialen artean sortutako abantaila eta desabantaila egoerari. Eta, bigarren arrakala digitala emakumeekin gertatu daitekeenari.