Felix Morquecho
Felix Morquecho

“Ez dute ideiarik!”

2020/10/05
Zorionez ezinezkoa da mundu osoa ados jartzea; bestela Jesukristok martxan jarri zuen kontadorea berriro zeroan jarriko genuke. Lehen urtea COVID eta gero, edo hamaikagarren urtea COVID-aren aurretik. Ez dakit zenbat aldatu zuen mundua Kristoren jaiotzak, baina aro berri honetan, hilabete gutxi pasatu eta gero, gureak ezezaguna dirudi. Esatekotan egon naiz igogailuetan orain ez dela eguraldiaz hitz egiten, baina epa! Igogailuan pertsona bat bakarrik joan daiteke!

Baina igogailuetara igo gabe ere, batarekin edo bestearekin, gaia bakarra da. Esaldi guztiak dira demontreko birus horri buruzkoak. Kaletik zoazenean zerbait entzuten baduzu, seguru gaiari buruzko zerbait dela. Halako batean, zera entzun nuen: “Ez dute ideiarik!”. Ostras! Hori horrela izanda, badago ideiarik ez duten horiei egurra emateko parada. Orain dela urtebete ez genekien horrelako birus bat zer zen, zer nolako eraginak izan zitzakeen, nola kutsatzen zen, nola tratatu behar zen... Eta, orain, erantzun guztiak nahi ditugu? Horretan jarri dira ikertzaileak, lan taldeak, ahalik eta bizkorren (eta hoberen) emaitzen bila, eta ematen dizkiguten erantzunak ez dira behin behinekoak izango kasu gehienetan. Barkatu, baina nik zalantzak dituzten horiei kasu egingo diet. Bestetik, seguru daudenak ditugu. Denerako dute erantzuna, nonbait artikulu ikaragarria topatu dute, ikerketa alternatiboa edo aurkikuntza iraultzailea. Eta seguru, seguru daude. Horiek bai dutela ideia, eta arrazoia, dudarik gabe (beren barnean). Bakoitzak nahi duena sinestuko du, baina kritikoa izatea ez da aurreiritzietatik abiatzea honi itsu-itsuan sinesteko eta beste horri ez. Nork du arrazoi? Niri ez galdetu, ideiarik ez.