Tomas Vouilloz
Tomas Vouilloz

"Ezer berririk ez"

2022/02/14
Azken urteetan ez dut denbora askorik pasatzen Eibarren. Jakina faltan sumatzen dudala. Jakina gogoz etortzen naizela. Eta jakina, nola ez, azkar aspertzen naizela. Askotan jaso dut kexa hau azken aldian lagun askoren aldetik.

Batzuetan nire herriarekin haserretzen naiz. Betikoak, badakizkizu. Ez dudala nire lekua aurkitzen, beti gauza berdinak egiten direla, beti poteo berdina, jende berdina, leku berdinean, ordu berdinetan. Badakit maiz nire herriarekin haserretzen naizela norbaitekin espresuki edo neure buruarekin hasarretzea baino erosoagoa delako.

Denbora luzez beldurra eman dit deserosotasuna adierazteak. Zutabe hau idazten ari naizela ere sekulako gatazka izaten ari naiz, irakurle guztien gustokoa izan nahian. Baina (eta “baina” hau baaaaaaaaaina bezala irakurri behar da), den denak ezin dira pozik geratu. Horregatik, baliteke zuk ondoko hau entzun nahi ez izatea eta, batek daki, zurekin zerikusi handia izan dezake. Eibar norabide bakarreko marea zabal bat da. Gure Eibar kuttuna.

Miniaturazko gizarte honetan antzeko lekuetara doazen izateko moduak daude eta guk horien artean hobeto datorkiguna aukeratzen dugu. Desbiderapenak orokorrean nahikotxo zigortzen dira eta gizajo hauek hiru aukera izan ohi dituzte: ahal dutenean alde egin, zurrumurruei aurre egin eta pakean bizi arte bere lekua bilatu, edo gaitzespena ez jasateko mozorro bat jantzi. Spoiler: gaitzesle handienak mozorro baten barruan ezkutatzen dira. Ziur aski gai zara zure hurbilean kasu bakoitzerako adibide bat bilatzeko. Zu ere hor nonbait egongo zara, seguru baietz. Edo uste duzu inork sinetsiko dizula ez zarela Eibarrekin eta eibartarrekin potroetaraino inoiz egon? Nahiko dramas naiz. Barre egiten ari natzaio nire buruari oraintxe bertan. Nire herria maite dut gauza gutxi maite ditudan bezala. Horregatik baimentzen diot nire buruari horrelako astakeriak idaztea.

Ni kanpora joan naiz, ez oso urruti. Eta nolabait ari naiz erosoago sentitzen dudan zerbait eraikitzen. Kontua hori da, Eibarrekin hasarretzea ez dela bidezkoa. Herri hau denon artean eraikitzen ari gara. Zorionez bizitzak, Eibarren ere, aukera ematen du aurrera egiteko modu ezberdinetan. Bila dezala bakoitzak berea.