Nagore Fernandez
Nagore Fernandez

"Gogaikarriak"

2017/04/04
Ez dut uste inork kontrakoa esango duenik: obrak desatseginak dira. Berdin dio etxe barruan, eraikinaren fatxadan edo herriko kaleetan diren; hauts pila, sekulako zaratak, andamioak, hesiak eta zuloak nonahi.
Onartu beharko dugu, ordea, beharrezkoak direla batzuetan, ezinbestekoak askotan, eta gehienoi tokatuko zaigula noizbait bat egitea. Obrak egingo ez bagenitu, eguneroko erosotasun askori uko egin beharko genieke; etxebizitza zahar, fatxada ilun eta espaloi estuen artean biziko ginateke betiko. Gogaikarriak baina beharrezkoak, beraz... denok ados? Ez dakit ba!
Azken boladan sarriegi entzun ditut obrei lotutako kexak, bai lanean, bai kalean, baita etxean bertan ere: “Zikin batzuk zarete!”, batek. “Nola liteke hainbeste kolpe jotzea!”. “Herria hankaz gora dago, taladro hotsez esnatzen naiz egunero!”, hurrengoak.
Batetik, argi dago profesionalak argi ibili behar direla, bazterrak txukun gordez eta bizilagunak errespetatuz. Bestetik, kexatzea doan izan arren eta amorru txikiak askatzea osasungarria, esaldi latz bat bota aurretik parean entzule ditugunak langileak izaten direla oroitzea komeni da. Eta, enbarazuaren sortzaile edo erantzule badira ere, ziurrenik bizilagunak haserretzea ez dela euren asmoa. Kexak azaldu daitezke, noski, baina begirune apur batekin hobeto ulertuko dira eta askoz gogotsuago bilatuko zaie irtenbidea, ziur. Izan ere, obrak gogaikarriak badira, purrustada garratzak beste hainbeste... Langile eta jabeei arreta eskatu beharko diegu, beraz. Eta ingurukoei, pazientzia pixkat!