Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Hauteskundeak"

2019/03/16
Zenbat aldiz entzun dugu horrelakoak: "Komunismoa oso ona da teorian, baina praktikan porrot haundi bat izan da". Egia da gauza bat dela guk geure buruan daukaguna eta, gero, hori praktikara eramatea. Baina, zergatik ez dute esaten gauza berbera demokrazia liberalei buruz? Gauza bat da Montesquieuk, Lockek eta Rousseauk idatzi zutena eta, gero, errealitatean ikusten duguna.
Demokrazia=Hauteskundeak buruko ariketa egiten badugu, India da munduan demokrazia haundiena, bertako gehienak premia gorrian bizi diren arren. Edo Kolonbia bera. Hegoamerikako herrialde horretan 80. eta 90. hamarkadetan Unión Patriota ezkerreko alderdi politikoaren 3.000 kide hil zituzten.

Baina egin dezagun ariketa hori, Demokrazia=Hauteskundeak. Jarri gaitezen liberalismoaren teorian. Nola funtzionatzen du Estatu espainolak? Iñigo Bullain EHUko irakasleak askotan azaldu duen bezala, hemen trantsizioan estatuaren egitura politikoa egin zenean, iruzur haundia egin zen. Hauteskunde legeak landetako lurraldeen ordezkaritza saritzen zuen (eskuineko botoak) eta Euskal Herrian, adibidez, Arabak duen ordezkaritza Gipuzkoa eta Bizkaiaren bera da, 25 legebiltzarkide, askoz boto gutxiagoekin lortuta.

Demokrazia ordezkagarriaren ikuspuntutik ere, Espainian dagoena "Oligarquía de partidos" bat da, Antonio Garcia Trevijanoren esanetan. Eta, gainera, Euskadiko eta Kataluniako alderdi abertzaleak joko zikin horretan murgiltzera behartuta daude.

Eta apirilean datozen hauteskundeetan Espainiako hiruko eskuina "botere berreskuratze" gogoarekin dator, ezkertiar, komunista eta abertzaleen aurka. Galdetzen diogu euskaldunok gure buruari ze demontre daukagun irabazteko horrelako estatu batean? Ez dugu ezer egitekorik besteek egindako arauekin mugitzen garen bitartean.