Olatz Etxeberria
Olatz Etxeberria

"Hirigintza erromatarra edo musulmana"

2018/12/23
Eibar herriaz asko hitz egin da, eibartarrok hainbeste maite dugun herri honi buruz. Norbaitek orain dela gutxi herri zatarrenetakoen artean zegoela zioen. Eskerrak ez naizela gogoratzen nork esan zuen hori, bestela entzun beharko zidan-eta. Zer jakingo du horrek!

Eibarren nortasuna Ego ibaiak eta bailarak zehazten dute, baldintzapen handiak eta oztopoak jartzen dizkio finkatua dagoen lekuak: herri luzea eta estua, bi kale nagusi, bata jaisteko eta bestea igotzeko. eta bien artean erreka dagoela jakin badakigu, ikusi behintzat gaur egun ezin delako ikusi, tamalez. Noizean behin, gorantza irteten diren kale txikiagoak agertzen zaizkigu maldan gora, eta horrela joan gara gaur egun ezagutzen dugun herri-sarea sortzen.

Argi dago, hemen erromatarrek ezingo zutela euren hiri egitura garatu. Gurutzatzen zituzten bi kale nagusiak, “Cardo” eta “Decumano”, nola demontre irekiko zituzten? Eta non jarriko zuten hiri-ardatza aldamenean termak edo foroa jasotzeko? Oso erraza litzateke hiri bat lautada leun batean garatzea, horrela edonork sortu lezake herri dotore bat, ze arraio! Erromatarrek kokapen aproposak aurkitzen zituzten horretarako, eta guk eibartarrok ere, behar genuen kokapena aurkitu genion gure Eibarri. Bestela zergatik dago Eibar dagoen tokian, ba? Eibarko jatorria erreka ondoan dago, uraren energia aprobetxatuz oholak eta industria finkatu ziren, eta handik aurrera etxe bat gehi beste bat eraikitzen joan ziren. Horrek kaleen beharra ekarri zuen, eta gero ondoko herriekin komunikatzeko beharra ere, eta horrela sortu genuen gure lurralde-sarea. Hori da Deba bailararen ezaugarri handienetako bat, industriak eta uraren energiak sortu gintuzten.

Bihotz taupadekin hazitako herria gara, industriak ekarritako bihotzak, lanean egunero izerditan etxera bueltatzen ziren gorputz baten barruan gordetako bihotzak, hain zuzen ere. Eta badakizue zer? Horrek Eibarri bere nortasuna eta edertasuna ematen dio. Nik Eibar maite dut, bere hirigintza, eraikuntza eta batez ere bizitza ematen diogun eibartarrak eta euren bihotzak