Josu Agirre
Josu Agirre

"Hortzak estuturik"

2022/12/02
Izenburuak ez zaitzala nahasi. Ez naiz bruxismoari edo bereziki loaldian pertsona askori gertatzen zaien oharkabeko hortz-karraskari buruz arituko.

Ez, hain zuzen ere “Hortzak estuturik” gure herriko Su Ta Gar talde heavy-metaleroak 1992. urtean atera zuen itzelezko diskoaren izenburua da. Musikak burua gogorki astintzen zigun garai haiek ekarri nahi ditut …eta kitto!-ko bazter honetara.

Urte hartako udako arratsalde bero bat zela, Untzagako taxien geltokiko zebra bidea gurutzatu ostean, Isasi kaletik gora abiatu nintzelarik, Astelena frontoiko espaloitik aldapan behera zihoan tipoari erreparatu nion: melena beltza luzea eta askea, praka bakero estu-estuak eta tirantedun kamiseta beltza, sorbaldatik zintzilika zeraman heavy estiloko larruzko txaketa eta cowboy botak.

Nola ez erreparatu ba, horixe zen kontua.

Nor ote? Axl Rose? Richie Sambora? Ez, Borxa Arrillaga zen, Su Ta Gar-eko bateria-jolea. Hark ez nau ezagutzen, baino arratsalde hartan zeharo flipauta utzi zuen gaztetxo hura naiz.

Borxaren piurarekin gertatu zen moduan, Su Ta Gar-en musikak bereziki liluratu ninduen eta oraindik jarraitzen nau liluratzen (jarrera politiko batzuekin deseroso sentitu banaiz ere).

Kuriosidade moduan, urte hauetan guztietan Xabi, Aitor edo Asierrek nire gurasoen elektrizitate-dendan zeozer erosten zuten bakoitzean, amak aukera aprobetxatzen zuen -ama batek bakarrik egiten dakien moduan- autografo edo gitarra-pua bat etxera ekartzeko.

Beste behin, kuadrillako batekin batera Madrilen kontzertua ikusteko sarrerak eskuratu eta asteburu ederra planeatu genuen. Tamalez, taldeak zentsura kanpaina lotsagarri bat jasan eta emanaldia bertan behera geratu zen. Kontua da aste horretan Asier Osoro baxu-jolea amaren dendatik pasa zela eta nire amak gure asmoaren berri eman zion. Handik egun batzuetara, Asierrek gure etxeko telefonoa lortu eta deitu zuen, kontzerturik ez zela egongo abisatuz. Horixe detailea!

Eibartik -mundu osora- euskaraz esportatu dugun kultura-ekarpenik potenteenetarikoa da Su Ta Gar, eta, taldeak izan duen ibilbide bikaina ikusita, pentsatzen dut merezi dutela jasotzea eibartarrongandik errekonozimendu publikoa. Lerro hauen bitartez behintzat, bihotzez nire errekonozimendua badute.