Iñaki  Zubillaga
Iñaki Zubillaga

"Ultra Fucking Trash"

2016/05/20
- Lurreko Kontrola Tom Komandanteari: Ze... gustora zabiltza espazioa estalgabetzen!!!! Bueltatu beharko zenuke, bestela bertan bueltaka geratuko zara.
- Tom Komandantea Lurreko Kontrolari: Hemengoa nire paradisu bakartia da. Hor behean dagoen egoerarekin ez da batere erakargarria itzultzea. Hemen bezalako argirik ez dut inon topatuko. Bakardadea ere beste modu batean sentitzen da.
- Komandantea... Azken deia dela jakin behar duzu. Ordubete barru gure posizioa Orion-en galaxiara pasatuko da eta, hortik aurrera, zure etorkizuna izarren eskuetan izango da. Betikotasuna, espazioko sakontasuna, denbora, bakardadea...
- Bai, Lurreko Kontrola... Utzi nazazue, mesedez. Ez dakit ziur zein den nere etorkizuna, baina argi daukat ez duela merezi mundu madarikatu horretara bueltatzea. Bakarrik eman besardaka handi bat nire txakur maiteari, eta kontu korrontean geratzen zaidan diruarekin Ez-Dok eta Scorpioko rockeroei garagardo fresko batera gonbidatu.
- Azken abisua, Tom Komandantea... Hemen denok ongietorri beroa emango dizugu. Jendearentzat heroia zara. Zure auzoan, Udaletxean, Diputazioan... leku guztietan ikaragarrizko harrerak egingo dizkizute. Lehendakariak betirako erreserbatu dizu Opera abonoa eta San Mamesen VIP jarlekua janaria, alkoholdun edaria eta erretzeko baimenarekin. Gainera, hurrengo hauteskundeetarako zerrendetan zuk nahi duzun lekuan azaldu dezakezula esan dit.
- Eskerrik asko, Lurreko Kontrola. Lehendakariari esaiozue hemengo giroarekin pare egiten duen ezer ez dagoela. Nire lekutik Mikel Laboa eta Imanol Larzabal bertsotan entzuten ditut. Aldameneko satelitean Kristonfest jaialdia ari dira prestatzen...
- Hemen bukatzen da nire lana, Tom Komandantea. Benetan pozten naiz ados geratzen bazara. Ondo pasa.
- Bai, Lurreko Kontrola, hala da. Pasiatzen hasi naiz... Grabitate barik, argi zoragarria, ez dago mugarik, libre... Lemmyrekin garagardoak edatera noa, ea ze istorio kontatzen dizkidan... Hemen dabiltza Josu eta Jualma Eskorbuto ozenki oihukatzen... Enrique Urquijo eta Antonio Vega beti elkarrekin, gitarraz amodio kantekin... Paul Gray eta Josean Salado erritmoa jartzen leku guztietan... Bon Scott, Joey Ramone eta Mahoma RIP adarra jotzen... Hau bai betirako infernua... paradisu ezinhobea.