Laura Albistegi
Laura Albistegi

"Kolore, kolore"

2016/06/10
Koloreen eta sentsazioen arteko erlazioa ez da ustekabekoa. Kolore bakoitzak efektu desberdinak sor ditzakete askotan, euren artean kontraesankorrak direnak gainera. Bai, bitxia, baina egiazkoa.
Zuria da garbitasunaren kolorea, perfekzioa, argitasuna eta egonkortasuna transmititzen duena. Baikortasunaren kolorea. Beltza, ostera, kolore serioa, elegantea, misterioa eta beldur apur bat piztu dezakeena.
Esanak esan, zein da ezkontzetan transmititzen den sentsazioa?
Imajinatzen duzue zuriz gizona eta beltzez emakumea? Harrigarria izango litzateke; baina, zergatik ez, interesgarria. Ohitura kontua.
Gorria, bestalde, indarraren eta ausardiaren kolorea da; baita indarkeria zein agresibitatearena.
Nola liteke, kolore berak hain desberdinak diren sentimenduak sortzea? Egoera eta testuingurua sartzen dira jokoan, horrek emango bailioke koloreari gugan sortutako efektuaren eragina.
Janzkeraren historian, argi ikusi izan da hori: Grezian eta Erroman, esaterako, esklabuek kolore ilunak erabiltzen zituzten, eta dirudunen artean, berriz, kolore biziak ziren nagusi.
Gaur egun ez da horrenbesteko desberdintasunik nabarmentzen, tendentziek markatzen baitute kolore gama. Pastel koloreak indarrez heldu zitzaizkigun gure artean geratzeko asmoz, betiere kolore biziz harmonia hori apurtuz.
Tendentziak hor daude, bai, baina norberaren ezaugarri fisikoak irizpide bezala hartzea ez da soberako kontua. Oro har, azala eta ile argiak nabarmentzeko, gorria edo urre kolorea dira aproposak; ilunentzako, zuria eta kolore biziak; eta erdibidekoentzat, berriz, grisa eta urdin tonalitate gehienak.
Eta beltza? Gure kaleak janzten dituen beltz preziatua? Lasai, irakurle, beltza kolore moldakorra da, mesedegarria gehienontzat.