Arantza Alvarez
Arantza Alvarez

"Krisian gaude?"

2018/02/11
Analisi azkarrak egiten ohituta gauden gizarte honetan, gure bikote-harremanari buruzko balorazio espresa egin beharko bagenu, funtsezko puntu batzuetan jarri beharko genuke arreta. Seinale horien bidez jakingo genuke egoera batek noiz amaitzen duen harreman txarra izaten.

Zeintzuk dira krisiaren abisua ematen diguten sintomak? Zeure bikotekidearekin zaudenean bizi dituzun sentimenduak.
● Segurtasuna vs Beldurra
● Lasaitasuna vs Haserrea
● Desioa vs Arbuioa
● Poza vs Tristura
● Askatasuna vs Dependentzia

Begibistakoa da ez dela gauza bera zure bikotekideak zurengan puntu bakoitzaren lehenego sentimenduak edo bigarrenak eragitea. Bigarren zutabeko sentimenduak nagusi badira, ez dakigu bikotearekin egoten, edo ez pertsona horrekin, behintzat. Harreman osasun eta aberasgarri batean ez legoke bigarren zutabeko ezer egon behar; ez modu jarraituan.

Badaude baloratu beharreko beste seinale batzuk ere: Nolako Desioak ditugun gure bikotekidearekiko. Eta horretaz hitz egiterakoan Desio Sexualaz ari naiz, “nire bikotekidea niregana sexualki gerturatzea nahi dut ala ez”, baina baita bere Konpainiaren Desioaz ere, ”bera nirekin egotea nahi dut ala ez”.

Banaketa- eta Fusio- momentuak giza-harreman guztietan alternatu behar dira, harrema hori orekatzeko. Gauzak muturrera eramatea ez da sanoa eta Banaketa edo Fusio jarraituek ez dute harreman oso bat eraikitzen. Egoera bi hauetako bat modu jarraituan bilatzen badugu, bide onetik ez doan zerbait gertatzen ari da.

Azkenik, beste indikadore bat gure bikotekideak bizitzan lortzen dituen Lorpenen aurrean sentitzen duguna litzateke. Gogorra badirudi ere, triste jartzen gara zerbait txarto ateratzen zaionean? Edo burura etortzen zaiguna “izorra dadila” da…

Bere Lorpenengatik poztu gaitezke eta geureak moduan sentitu ditzakegu (batentzako ona dena bestearentzako ere ona da), edo inbidia, lehia sentimentua sor ditzakete guregan… Horrela bizi badugu, harremana oso kaltetua dago… Garraztasun eta amorru handia dago hor.

Indikadore horiek guztiak ez dira erabili behar harremana norabide batean ikusteko bakarrik; bikotekideak eragiten diguna, onerako edo txarrerako, guk berarengan sortarazten dugunaren islada da. Beste batekin egon nahi izateko dauden arrazoiak ezagutzea funtsezkoa da, eta, aldi berean, gurekin zergatik egon nahi duten ere jakin behar dugu.

IKUSTEKO: “BLUE VALENTINE”