Itziar Sapsootham
Itziar Sapsootham

"Lagun berriak egitearen aferak"

2021/09/17
Facebooken haurrek lagunak egiteko zuten erraztasunari buruzko bideo bat ikusi nuen lehengoan. Sei bat urteko haur batzuk kafetegi batean bakarrik zeuden pertsonengana hurbiltzen ziren hitz egitera eta ia lagunik zuten galdetzen zieten. Erantzun ezberdinak: lagun asko iada hilda zeudela eta lagunak orain sarean zituen aitona bat, hirira berriki mugitua zen gazte bat, lagunak bere sorterrian aspaldi utzi zituela penaz kontatzen zuen adin-ertaineko emakume bat… Hurrengo galdera, ia zergatik jende guztia ezin den laguna izan beraien artean. Aitonak orduan erantzuten du: “Ezin naiz norbaitengana hurbildu eta ia nirekin jolastu (hitz egin) nahi duen galdetu. Oso arraroa da”.

Eta horrek zer pentsarazi eman zidan. Nolakoak diren nire lagun-harremanak, nola joan diren aldatzen, zein den harremantzeko daukadan modua… Zorionez, kuadrila konbentzionaletik aparte talde ezberdinetako parte izan naiz eta ikusi ahal izan dut batzuekin edo besteekin ezberdin komunikatu naitekeela, ezberdin dantzatu edo ezberdin sentitu. Eta hori oso ona da. Bakoitzaren izaeraren parte diren, baina agian ezagutzen ez ditugun alde batzuk ezagutzeko aukera ezin hobeak dira.

Orain dela urte batzuk baino irekiagoa naiz eta harreman berriak sortzeko gaitasun handiagoa dudala badakit. Egunerokotasunean ikusten dut. Baina aspaldi ez dudala (geratu den) benetako lagun berririk egin, eta horrek kezkatzen nau. Harreman mota guztiak bezala, gaur egun inguruan ditudanak aldatzen joango direla badakit eta berriak sortzeko oztopoak izango ditudala pentsatzeak beldurtzen nau. Aitonak dioen moduan, arraroa da norbaitengana hurbildu eta hizketan hastea. Besteek gutaz zer pentsatuko duten eta baztertuko gaituzten beldur gara. Baina okurritzen zait agian esperimentu bat jarri genezakeela martxan eta adin batetik aurrera lagunak egiteko zailtasun hori gainditzeko zer egin daitekeen aztertu. Norbait animatzen da?