Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Lanroberran"

2016/10/06
Orain dela pare bat barixaku Arraten egon nintzen eibartarron tenplu naturala urrutiko familikide bati erakusten. Hainbeste urtetan hainbat korrika eta jolas egiten ikusi gintuen kanpa sakratua ez da nolanahiko tokia niretzat. Gero etorriko ziren Arrateko Jaixetako ordu txikietako dantzak, baina hori beste baterako utziko dugu.
Bada, begira. Barixakua bazen ere bizi-bizirik zegoen Arrate. Inork ez dakien nongo eskolatik igotako egundaka haur zeuden egun argi eta bero hartan. Dena ondo.
Gu gurutzera bidean jarri ginen. Badakizue, bisitariari kontatu beharra genion gurutzeari bueltak emateak maitasun ondorioak dituela. Aldapa igo aurretiko zinbili-zanbulu ingurua pixka bat zikin ikusi bagenuen ere, tira, gu gora. Gurutzean ordea, ze kristo! Nahita ere zaila da mendia hainbeste zikintzea. Zein ausartzen da gure Arrate horren gaizki tratatzera? Gu, gaztetan, agian, ez dakit.
Jakitun plantak egingo ditut, baina uste dut Dostoievskiren liburu batean zela non pertsonai bat belanauldi berriez kexatzen zela. Zaharrak gure belaunaldiaz kexatuko diren bezela, gu hurrengoez eta horrela infinituraino. Pentsa, idazle errusiarra 1881an hil zen eta gaur egun epaiketa bera egiten jarraitzen dugu. Iraganaren idealizazioa.
Baina ez, gu bai ginela zoriontsuak. Gu lanroberran gindoazen. Goian bego, Imanol Urbieta!