Eneko Sanchez
Eneko Sanchez

Lasai gaude baina

2022/06/03
Covid garaiak guda garaiari eman dio lekukoa. Nik espekulatzaileen garai oparoa besterik ez dut ikusten. Gure eroste-ahalmena geroz eta murritzagoa da. Gogora dezagun, gure soldatetako KPIaren (erderazko IPC) igoera, azken urteko eroste-ahalmena errekuperatzeko besterik ez dela, eta hilabeteetako atzerapenarekin etortzen da, etortzen bada... Hau gutxi ez eta osasun publikoaren kalitatea ere behera doa nabarmen. Urtean zehar gure hainbat ezagun ere ikusi ditugu greban edo protestan euren lan baldintzak duintzeko bidean. Bitartean, lasai gabiltza, oporrak prestatzen. Batzuei, ondokoa okerrago dagoela ikusteak, bere ongizatea indartzen diela dirudi.

Dena den, bada jende multzo bat, astelehenak bere egiten dituena, eta goian aipatutakoak haizeratu eta horiengatik protestan ibiltzen direnak. Pentsiodunak dira. Ez dugu ahaztu behar, beraien gazte garaiko hamaika ekintzengatik dauzkagula gaur egun ditugun hainbat eskubide eta baldintza. Agian, gure mobilizaziorako arrazoiren bat falta badugu, adibidetzat har genitzake gure nagusiak. Guregatik ez bada, egin dezagun ondorengoengatik, baino egin dezagun zerbait, berandu baino lehen... Bitartean, erregaia 2 eurotan, oliba olioa 4tan, Osakidetzako itxaron zerrendak mugagabeak, lan baldintza prekarioak inguruan... Poliki-poliki bada ere, hasi beharko dugu ba zer edo zer aldatzen, ala?