Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Liburua, kulturarako sarbidea"

2018/05/27
Txoko honetan askotan jardun dut liburuak esku artean erabiltzearen onuraz, baina, oraindik ez zaitut konbentzitu irakurketak ekartzen dituen abantailez? Ea ba oraingoan bete-betean asmatzen dudan. Juan San Martin Liburutegiak urtean zehar irakurketa sustatzeko bideratzen dituen ekimenen artean, bederatzigarren urtea beteko du “kultura” zozketatzen bere irakurleen artean. Ekimen honen bidez, Udalak nahiz herriko hainbat taldek antolatzen dituzten jarduera kulturaletarako sarrerak zozketatzen ditu liburu bat irakurri eta gero berriz Liburutegira bueltatzen dutenen artean.

Ideia erraza da. Irakurleak, maileguan liburu bat hartzen duen bakoitzean, papertxo bat jasotzen du; liburua bueltatzen duenean papertxo hori bere datuekin beteta ekarriko du. Horrela ia astero Coliseo Antzokiko ikuskizunetarako sarreren zozketan parte hartzeko aukera izango du, eta tokatuz gero lagun batekin batera gozatu ahal izango du emanaldiaz. Urte honetan oparitu ditugun sarrerei esker gure irakurleek ikuskizun hauetarako aukera izan dute, beste batzuen artean: Antzerki jardunaldietako 9 antzezlan; Shirley Davis and the Silverback (Portalean), Opus cuatro, Terra da fraternidade eta Mugak - Khami-Kalakan kontzertuak; eta dantza emanaldietan, Juanita Unzuetari egindako omenaldia, Growing Young (Debabarreneko Eskolarteko Antzerki erakusketa) eta Martin Zalakain Artedrama.

Honekin hauxe lortu nahi dugu: aisialdiaz gozatzeko liburua aukeratzen duten erabiltzaileak “saritzea”. Ekimena hemendik aurrera ere bideratzen jarraituko dugu, Eibarko liburutegiko erabiltzaileen artean oso harrera ona izan baitu.