Nagore Fernandez
Nagore Fernandez

"Opor konstruktiboak"

2017/07/14
Heldu da uda eta opor usaina nabarmena da. Eibarko kaleak neguan baino hutsago igartzen dira. Gaur hondartzara, bihar mendira. Zu Bostonera, ni Kaliforniara. Urrun edo gertukoak izanda ere, jende eta txoko ezberdinak ezagutzeko aukera paregabea, begiak ireki eta ideia berriak gureganatuz... Izan ere, zein garrantzitsua den oporretan teilatua freskatzea!
Eta arkitektura anatomikoaren osasunarekin jarraituz, denok dakigu gure fatxada sentikorra eguzkitik babestea komeni dela. Baita kirol pixkat egin eta estruktura indartsu mantentzea ere. Hortaz gain, urte osoa darabilgu lanean jo ta su, errutinan murgilduta eta eginbeharrek itota. Aprobetxa ditzagun beraz jai egun hauek, urte osoan zehar gure euskarri diren familia eta lagunekin planak egin eta denbora pasatzeko, harremana sendotzeko. Gure barne arkitekturan kontuan hartu beharreko zerbait baldin badago, zimenduak baitira; lan ikustezin baina ezinbestekoa egiten duten horiek. Ekaitza edo lurrikara denean, haiei esker gaudelako zutik. Eta (zoro)haizeak jotakoan, lurrera irmo lotuta.
Hau bai hau ITE garrantzitsua, ez duzue uste? Ba behin hau gaindituta, txapela buruan eta... New York? Atenasko Partenoia? Parisko Notre Dame? Machu Picchu beharbada? Edo Benidormeko apartahotel bat? Denak izan daitezke bisitatzeko eraikin interesgarriak, aizue! Beno, nonahi dela ere ondo pasa, merezitako atsedena hartu eta ikusi eta ikasitakoen istorioak ekarri bueltan... baina batez ere, opor konstruktiboak izan daitezela!