Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Orojakitunak"

2021/03/29
Facebook edo Twiterren kontua sortzen dugunean edozein gairi buruz gure iritzia eman behar dugula zin egiten dugu ala nire irudipena da? Aitortzen dut gai batzuk digeritzeko denbora pixka bat behar dudala eta, hala ere, denborarekin, iritzia moldatu edo aldatzen dudala. Horregatik, asko miresten dut sare sozialetan zalantza izpirik gabe edozein gairi buruz bere iritzia plazaratzen dutenen gaitasuna. Hori ezagutza eta hori pentsaerak plazaratzeko beharra. Bejondeizuela, orojakitunak.

Orain, nola ez, koronabirusa da gai potoloa, eta orojakitunek amantal zuria jantzi dute biologiari, farmaziari eta aurretik sekula entzun ez dituzten gauzei buruz berba egiteko. Beste batzuek, ausardia gehiagorekin, aluminiozko kapela jarri dute urrutiago joanez. “Esnatu!”, esaten digute amestea ere zaila den mundu paralelo batetik. Sasijakitunak hauek.

Eta koronabirusa ez bada, izango da Trans Legeak izango dituen ondorioak, Eibar FT-k nola jokatu behar duen, Rociitoren azken afera edo Boliviako hauteskundeak. Jendeak denetik daki, ustez iritzi sendoekin gainera. Jonan Fernández direla uste dute ala?

Gaitasun kritikoa edukitzea ezinbestekoa da, baina iritzia emateko behar konpultsibo horrek den-dena aztertzera eramaten gaitu, gauzarik zentzugabeenak ere. Non geratu da plazer hutsez zerbait egiteko edo kontsumitzeko aukera? Edan lasai garagardo bat edariari zein puntuaketa emango zeniokeen pentsatu barik, edo Chill Mafia taldearen proposamenaz harritu eta gozatu horrek euskal kulturari eta gizarteari zer suposatzen dion pentsatu barik. Burua libre, dena epaitu barik eta atseden hartzen laga dezagun noizbait. Nik behar hori dut behintzat.

Orain, testu hau gustatu bazaizue, eman ‘atsegin dut’ botoiari, partekatu ezazue eta zer iruditu zaizuen esan. Eskerrik asko.