Iratxe Gimenez
Iratxe Gimenez

"Pilula sozialak"

2018/11/20
Ostirala da eta jai daukat. Erosketa batzuk egin eta bizitzan dagoen plazer handienetariko bat egiteko asmoa dut: bigarren aldiz gosaldu (kafesnea basoan eta palma olioz egindako opil industriala, noski) egunkaria irakurtzen dudan bitartean. Betiko lekuan hartuko dut egunkaria, Amañako kioskoan. Orain dela hilabete batzuk itxi dutela akordatu naiz. Harrezkero behin bakarrik ikusi dut bertako kioskeroa, Santi, eta birritan askotan berarekin hitz egiten zegoen loteria saltzailea. Bertan aldizkariak erosten koinziditzen genuen auzolagun asko ordutik ez ditut ikusi.

Tabernan sartu eta jubilatu bat gurutzegrama egiten dago egunkarian. Ebakia hartu eta etxera joango naiz, plazer erdi. Etxera gerturatzen nagoela arraultzak ahaztu ditudala konturatu naiz. Gure etxe bloke azpian ultramarinos dendatxo bat dago, bertan hartuko ditut. Ez, ez ditut hartuko orain dela urtebete zarratu zuelako.
Komertzio txiki hauen itxierarekin, auzo batek zerbitzuak galtzen dituela argi dago, baina azken urte honetan konturatu gara, gure auzokideen arteko harremanak eten egin direla. Peora berean bizitzeak, agurra eta eguraldiari buruzko elkarrizketa huts bat bermatu dezake, baina gure auzoan dauden zenbait adiskidetasun eta laguntasuna dendatxo eta kiosko hauetan sortutakoak dira.

Azken urte honetan bizilagun berriak etorri dira portalera eta nahiz eta tratua jatorra izan, oso arina da, ez dugulako izan harremanak estutzeko “plazarik”. Gizakia animali soziala da eta gure Eibar honetan tabernek hauek garatzeko esklusibidadea hartzen ari dira.

Osasuna faltan botatzen da galtzen denean esan ohi da, eta lokal hauek itxita ikusterakoan pilula sozialak falta zaizkidala pentsatzen dut. Urte asko barru, berriz ere Eibar argazki zaharrekin (gaur egungoak izango direnak) atontzen denean, espero dut herriaren irudi jatorra eta pertsonala islatzea, eta ez globalizazioak dakarren irudi berdintsua, munduko beste edozein tokitan aurkitu dezakezun denden kartel handiekin.