Eva Perez de Albeniz
Eva Perez de Albeniz

"Postureoa II"

2018/04/23
Aste batzuk direla, Malen Illaramendik postureoari buruz idatzi zuen zutabea gustora irakurri nuen eta zer pentsatu eman zidan. Bere baimenarekin jarraipena eman nahi nioke...
Nik ez ditut nire oporren argazkiak instagramera igotzen, ezta lagunekin egindako afaria facebooken partekatzen. Egia esateko ez dut konturik ez batean ez bestean.
Baina postureoa praktikatzeko ez dira sare sozialak behar. Sare sozialak pertsonak gugan daukagun joera baten bozgorailu bilakatu dira: besteek gustoko izango duten gure aurpegia erakustearena.
Eta sakontzeko asmoz galdetzen dut: zergaitik daukagu pertsonak joera hau? Zertarako gure bizitza perfektua bezela erakutsi nahi? Zertarako miseriak alfonbra azpian ezkutatu?
Lotsa daukagulako, eta lotsaren azpian beldurra. Zeren beldurra? Maitatua ez izatearena, onartua ez izatearena. Besteek gure miseriak ezagutzen badiztuzte ez gaituztela onartuko pentsatzen dugulako. Ahula naizela konturatzen badira, akabo. Gizakumeok ADNean itsatsita daramagun behar bat konexioarena da. Jendea hurbil sentitu behar dugu. Besteak gu onartzea eta maitatzea, jana eta edana bezain beharrezkoak ditugu.
Baina gure ahuldadea, gure hauskortasuna, gure zaurgarritasuna... hori ere ADNean josita daramagu. Loktitekin itsatsita. Lapa bat haitzari bezala.
Denok behar dugu besteen maitasuna eta onarpena sentitzea eta denak gara ahulak eta hauskorrak. Beraz ez astirik galdu bi hauek uxatzen edo deuseztatzen, oso lan nekagarria da eta onurarik ez dakarrena.
Irtenbidea askoz errezagoa da. Egin zeure buruari galdera hau: Zeintzuk dira nire benetako lagunak?  Bere barruak erakusten dizkidatenak. Nor maite dut? Bere ahulezia erakutsi eta onartzen duena.
Beraz, “plantitxura” e-berba bikainaren aurrean, nik “maitahule” apalagoa proposatu nahi dut.