Arrate Garitaonandia
Arrate Garitaonandia

"Salomon sindromea"

2018/01/28
Gurasoak banatzen direnean haur batek izaten dituen alterazio-, sentimendu- eta emozio-multzoari deitzen zaio “Salomon Sindromea”, eta gurasoak bisitetan, hezitzeko ereduan, hezkuntzako gauzetan edo gertatzen ari denari buruz haurrari bildatzen dioten mezuetan ados jartzen ez direnean gertatzen da. Horren guztiaren ondorioz, sintomatologia ekartzen duen leialtasun-gatazka ematen da haurrarengan. Dibortzio konfliktiboen ondorioz arazoak gertatzen dira garapen emozional eta kognitiboetan. “Banatzen ari naiz” esaldia arrunta eta esanguratsua da oso. Prozesua azaltzen du, bide bat, non harremanaren desgastea, gatazkak eta liskarrak sortzen joaten diren. Lehenik eta behin urruntze emozionala gertatzen da, banaketa fisikoa iritsi arte, horrek dakarren egokitzearekin. “Txikiegia da”, “ez daki zer gertatzen ari den”, “ondo dago, ez du ezer galdetzen”, “ez du ezer esaten” bezalako esaldiek adierazten dute helduek daukagun itsumen emozionalak ez digula uzten haur baten bizitzan hain garrantzitsua den gertakari bat kalibratzen. Funtsezkoa eta beharbeharrezkoa da, adina kontuan hartuta, gertatzen ari dena kontatzen joatea. 3 eta 5 urte bitartean pentsamendua egozentrikoa da eta, ondorioz, ohikoa da errua euren buruari botatzea. 6 eta 8 urte bitartean oraindik ahalguztiduntasuna ematen da, eta pentsa dezakete gertatzen ari dena eurak txarto portatzearen ondorio dela, besteak beste. Haurrak oso sentiberak dira euren gurasoen harremanarekiko, harremanaren termometroak dira, harremanak funtzionatzen ez duenean isiltasunean sufritzen dute. Osasunaren profesionalak, bitartekaritza familiarra, terapia eta familia-laguntza bidearen momenturen batean helduentzako eta haurrentzako beharrezkoak izan daitezkeen baliabideak dira.