"Songoku euskaltzaina" (Desirée Magro)

2021/04/19
Pandemia garaiotan, auzoan, nerabe eta gazte mordoxka elkartzen ari diren garai hauetan, beraien arteko harremanetarako gaztelania dela nagusi ikusi dut. Ni euskaraz zuzentzen natzaie eta haiek baita erantzun ere. Elkarrizketa aurrera doan heinean gaztelerara itzultzen dira, ulermen edo adierazpenetarako hutsuneak azaleraziz.

Horrek euskalduntzat ematen dugun gizarte honetan pentsatzera eraman nau.

Eibarko ikasle gehienek ikasketak euskaraz egiten dituzte  baina ikastetxeetatik kanpo zer? Argi ikusten da beraientzat zein den biderik errazena...

Argi daukat gaur egungo familia, lagunarte eta harremanen aniztasuna eta baita aniztasun horien erroak ere babestu behar direla, baina ez gure izaera alderatuz.

Beti izan dira gaztelania hari izan duten etxeak, gazteleraz jardun duten lagunarteak, euskara erabili gabe aurrera egin duten kirol zein kultur eragileak. Baina hor aurkitu ditugu euskara zaindu eta oparitu dizkiguten irlatxoak ere: astekari bihurtu zen eta eskuartean duzun ...eta kitto!, Egunkaria edo Berria edo pertsona nagusi euskaldunen kontakizunak, adibidez.

Baina gaztetxo baten ikuspegian horiek ez dira erakartzen dituztenak. Gaur egun, youtuberrak, influencerrak edota tiktokerra (sare sozial desberdinetako eragileak) dituzte idolo. Ni beste belaunaldi batekoa naiz. Marrazki bizidun onenak euskaraz ziren nire haurtzaroan: Arale, Dotakon, Dragoi Bola... Hori bai, denek ikusten genituen Songoku, Bulma edota Satan Txikiren abenturak.

Ez geneukan beste hizkuntza baten ikusteko aukerarik eta horrek lagundu zien askori.

Horrelako idoloak sortu beharko lirateke gaur egun. Gure gazteak euskarara bideratzen dituztenak, euskara zaintzen duten super heroiak.

(Eskerrik asko Garazi, Kemen eta Anderri. Zuen munduak erakusten dizkidazuelako)