Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Toribio Etxebarria"

2017/01/27
Gure jaiotetxeak bi aldetara ematen zuen: aurretik, Calbeton zein Eibarko Txikitora; atzetik, berriz, Txirio Kaleko 6 eta 8 zenbakiko peoren atzeko partera. Txirio Kalekoekin leihotik leihora hitz egiten genuen, hiruzpalau metro zabalerako erretena baikenuen tarteko. Hantxe jaio zen, –6an, hain justu–, 1.887ko apirilean, Toribio Etxebarria, politika-gizon eta idazlea, Eibarko seme kuttuna. Etxe biak ere, harena zein gurea, gerran San Andres parrokiaren inguruan zutik geratutako gutxietakoak ziren.
Toribiok bere oroitzapen-liburuan, besteak beste, bere bi aititei buruz hitz egiten du, eta esaten du, aitaren partekoak, Francisco Etxebarriak, Txirio Kaleko etxea fundatu zuela; amaren partekoa, berriz, ez zela Eibarkoa, Errezilgoa baizik, eta haren abizenak Ibarbia-Zinkunegi zirela, segida horretan. Kontua da gure ama zena ere Errezilgoa zela eta haren abizenak Zinkunegi-Ibarbia zirela, segida horretan.
Kasualitate horrek gure ama zenaren familia-zuhaitza arakatzera eraman nau. Bertan ikusi dudanez, gure amama Mariaren baserrian –Errezilgo Mendiola-Goikon, alegia– Ibarbia izan dute abizena, antzinatik. Duela bi mende, 1.830 urte inguruan, bertako maiorazgoak Zinkunegi abizeneko emakume batekin ezkondu eta Ibarbia-Zinkunegi senitartea osatu zuen. Nire ikerketaren arabera, haien seme nagusia, gure amama Mariaren aitita izango zen; eta beste seme bat, Esteban Ibarbia Zinkunegi, Toribioren aitita. Nork esango zien bi anaia gazte haiei, euren ondorengoek, zenbait gizaldi geroago, Eibarko zuloan, leihotik leihora egingo zutela ezaupidea?
Gure amama Maria, bestalde, auzoko Treku baserrira ezkondu zen Bartolo Zinkunegi gure aititarekin. Eta bere bizi guztia Herniopeko mendialde hartan eman bazuen ere, gure jaiotetxean hil zen, Eibarko Fermin Calbeton 22an. Baina hori beste historia bat da.