I
I

"Txantxazelai " (Pedro Alberdi)

2017/04/10
Aldian behin, malenkoniak jotzen nauenean, Txantxazelaiko web-orrira sartzen naiz antzinako futbol-argazkiak ikustera, eta beti topatzen dut xehetasunen bat, sekula erreparatu gabea, edo aspaldi ahaztutako pasadizoren bat, edo oroipenen bat, bat-batean berpiztua.
Argazki horietako batean galtza motzetan ageri naiz, mutiko-errenkada baten erdian, denok zutik eta besoak tolestuta. Ohiko argazki bat, partidua hasi aurretik ateratakoa. Kontua da gaur arte ez dudala talde hori identifikatzerik lortu, ez haren izena jakiterik, ez eta albo banatan ditudan jokalariak (Rodolfo Rico, Irusta, Ojanguren,…) sekula taldekide izan nituela gogoratzerik ere.
Argazkia, memoriak huts egiten ez badit, Corazonistasekin Txantxazelain debutatu nuenekoa da. Partiduaren aurreko orduak ez ziren samurrak izan, alajaina! Eta ez bakarrik debutagatik. Corazonistasen jokatzea ez zegoen ondo ikusita gure artean, ikastetxearen eta fraideen alde lehiatzea zelako. Eta izan ere, halaxe zen. Sentimendu kontrajarriak nituen: alde batetik lotsa-lotsa eginda banengoen ere, bestetik, ez nuen Txantxazelain jokatzeko aukera hura galdu nahi.
Begi guztiak nire gainean somatzen nituen. Baina arbitroak hasteko txistua jo zuenean, larria moteldu egin zitzaidan, eta handik aurrera ez nintzen kezkatu baloiaren nondik-norakoaz baizik.
Azkenean, 6-3 galdu genuen Izarraren aurka. Hala ere, ez zen debut txarra izan. Partidu hura hautsita zegoen hasi aurretik; zalantza bakarra zen zenbat gol sartuko zizkiguten. Izarrakoak (Patri Olabe, Txirrio, Txintxu,...) gu baino bizpahiru urte zaharragoak izateaz gain, burua kentzen ziguten altueran, ilea zeukaten hanketan eta azken txapeldunak ziren.