Jon Mikel Mujika
Jon Mikel Mujika

"Urtaroak"

2019/03/25
Mendeak dira, tropikotik urrun bizi garen gizakiok, urtea lau arotan zatitzen dugula. Gure aurreko belaunaldiek, urtaroei begira antolatzen zituzten euren bizitza eta ogibideak. Urtaroek esaten zieten hazia noiz erein, egurra noiz bildu edo uzta noiz jaso.

Gaur egun, supermerkatuan tomateak otsailean eta zerbak abuztuan saltzen dizkiguten honetan, urtaroek gure jarduera moldatzen jarraitzen dute. Hori bai, beste era batean. Behinola lau urte sasoien erreferentziak bizirauteko beharrezkoak ziren, baina egun kontsumo-gida bat besterik ez dira gizartearen gehiengoarentzat.

Orain Zara-ren iragarki batek ohartarazten digu udazkena iritsi dela, eta gogorarazten digu bi aldiz bakarrik erabilitako anoraka zaharkituta geratu zaigula. Edo Andoni Aizpuruk lehenengo elurteak iragartzen dituenean jakiten dugu Jacara asteburu pasa joateko garaia dela. Garaian garaikoa.

Joan den eguaztenean, gaueko hamaiketarako bi minutu falta zirela, hasi zen udaberria. Urtaro guztietan konnotazio positibo gehien dituena. Loraldiaren sasoia. Maitemintzeko garaia. Paisaia berde perfektuak erakutsiko dizkigute. Egunak luzatzen joango dira eta gauak laburtuz. Argiak ilunari irabaziko dio. Mundu liluragarri bat salduko digute.

Saia gaitezen euren jokoan ez sartzen, eta gogoan izan, argia da itzalak nabarmentzen dituena.