Eva Perez de Albeniz
Eva Perez de Albeniz

"Zaharrak"

2021/09/27
Bizitza marra gero eta luzeago bat da eta, zahartzaroa non hasten den markatu beharko bagenu, eztabaida luzean jardungo genuke. Demagun zahartzaroa 65 urterekin hasten dela, jubilatzeko adin ofizialarekin batera. Eta demagun 85 urte bete arte biziko naizela, Euskadiko bataz besteko bizi itxaropena emakume batentzat. 20 urte luzez zaharra izango naiz.

Zahartzaroa anitza da, eta 20 urtetan aro honen aurpegi ezberdinak biziko ditut. Amama bilakatuko naiz. Leku batetik bestera korrika joan ordez, aisialdiaz gozatzeko aukera izango dut. Beldurra eta lotsa aldendu eta bizitzari lasaitasunez begiratu ahalko diot. Bilobak zainduko ditut eta beharbada gurasoak ere. Ezkondua izatetik alargun izatera pasatu naiteke. Bakarrik moldatzetik zaintzaile baten beharra izatera. Sano egotetik gaixo egotera.

Osasunaren Mundu Erakundeak “zahartze aktiboa” kontzeptua asmatu zuen bizitzaren azken etapa hau era arrakastatsuan bizitzeko, bai pertsona eta bai erakundeek jarraitu beharko genituzkeen gomendioak emanaz eta politikak bultzatuz.

Ez dakit zuei, baina niri, zahartze aktiboa entzuten dudan bakoitzean imajina hau datorkit burura: emakume bat, 70 urte. Goizean pilates, arratsaldean ingelesa. Astelehenetan lagunekin zinemara. Bidaiatzea maite du eta bolondres bezala aritzen da herriko elkarte batean.

Eta hori bada zahartze aktiboa, baina kontzeptu hau askoz haratago ere badoa. “Aktibo” hitzak ez dio soilik fisikoki aktibo egoteko gaitasunari erreferentzia egiten, gizakiaren beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu: ekonomikoa, zibikoa,  kulturala, giza harremanei dagokiona eta baita espirituala ere. Pertsona guztiei zuzendua dago, pertsona hauskorrak, desgaituak edo laguntza behar dutenak barne.

Baina kontzeptuak abstraktuak dira eta nik lurra zapaltzea maite dut. Pertsona nagusi ugari ezagutu ditut eta, ikasi dudanarekin, “zahartze aktiborako gomendio zerrenda ez ofizial bat” moldatu dut:

1. Zaharra naizela onartu: zahar hitzak kutsu ezkorra dauka. Inork ez du zaharra izan nahi, 65 urtekoentzat 80koak dira zaharrak. Hauentzat 90ekoak. Eta 90ekoentzat parean dauzkatenak bai, baina beraiek ez. Zahartzaroa berrasmatu behar dugu, hitzari eduki berria eman eta bizi. Gaztaroaren mitifikazio eta esklabotzari bizkarra emanez. Eta konturatu zaharrak garen arren funtsean betiko pertsona bera garela.

2. Galerak onartu: urteen poderioz, zimurrez gain, galerak ere datoz: gaitasun fisikoak urritu, memoria lausotu, lagunak desagertu. Eta hemen onarpen lanketa handia egin behar dugu eta daukagunari galdu dugunari baino balio gehiago eman.

3. Nire bizitza proiektuarekin aurrera jarraitu: nire gaitasunei egokitutako helburuak, planak eta proiektuak aurrera atera, ilusioa elikatuz.

3. Duintasuna mantendu. Beti. Hau nahitaezko baldintza da bizitzeko, haur, nerabe, heldu zein zahar izan. Pertsona bezala errespetatua izatea, nire erabakiak hartzea. Eta nik egiteko aukerarik ez dudanean, nire ingurukoek horretan laguntzea. Nire bizitzaren kontrola nire esku egotea azkenengo hatsera arte. Eta hiltzeko orduan ere.

“Ama, beti bizitzen gaude, beti zahartzen gaude”, esan dit nire semeak gaia aipatu diodanean. Ba hori: zahartu eta bizi!