“Zaintzaile ezkutuak” (Eva Perez de Albeniz)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Zaintzaile ezkutuak” (Eva Perez de Albeniz)
ETA KITTO 2016, Ira 06

Aurtengo abuztuan oporrak bai, baina Eibarren egotea ere tokatu zait tarteka. Eta soziologoa edo estadista ez naizen arren jendea begiratzea gustatzen zait. Nolakoak garen, zer egiten dugun, janzkera, ibilkera. Eta jakingo duzuenez Eibar abuztuan guztiz aldatzen da, baita bertan dagoen jendea eta bere ohiturak ere.
Eibarko erroldak dioenez, gure biztanleriaren %25 65 urtetik gorakoa da. Niri iruditu zait abuztuan portzentaje hori igo egin dela. Jubilatu gazte askok urte guztia daukate oporretan joateko, prezioak merkeagoak dira orduan eta zertarako dirua xahutu? Eta nagusi nagusiak, horietako asko ez dira oporretan joaten, ez dutelako nahi edo ezin dutelako. Eta menpekotasuna tartean dagoenean pertsona bera Eibarren da eta baita bere zaintzailea ere.
Zaintzaile asko ikusi ditut, langileak edo senideak. Beharbada ni egoera berean egoteak benetan direnak baino gehiago ikustea eragin dit; badakizue, haurdun zaudenean bezela, bapatean mundu guztia haurdun dagoela iruditzen zaizula.
Kontua da, egun hauetan zerataz konturatu naizela. Badaudela beste zaintzaile batzuk ere ezkutuan dabiltzanak. Terraza berdinean hiru egunetan jarri ezkero ikusten duzu kamareroak ondoko mahaiko emakumea eta zaintzailea izenez ezagutzen dituela eta bere osasunaz galdezka ari dela. Edo zelan harakiñak bakarrik bizi den Pakitari bere egunerokotsunaren “kontrola” egiten dion erostera doan momentuan. Eta ileapaindegikoak Lutxiren alabari deitzen diola desorientatuta agertu zaiolako ilea moztera.
Eta herri baten bizitzeak dauzkan abantaila horiek ez ditugu ahaztu behar eta zaintzaile hauek zaintzea ere merezi duela uste dut.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »